Gasna Feria arrakastatsua

Joseba eta Nerea 2007ko urtarrilaren 23a

Gasna lehiaketan sarituak suertatu ziren partehartzaileak. TTIPI TTAPA

Arrakasta handiz ospatu zen joan den ekainaren 5ean XIII. Gasna eta Artisau Feria Eguna. Eguraldi polita ateri zuen goiz-goizetik eta egun osoan lagundu zuen, goiz-arratsaldez egin ziren ekitaldi guzietan. Jende andana ibili zen plaza bazterrean aski goizetik. Artisauen postuak ikusi, herriko trikitilarien saioa aditu, eta Altxatak egindako taloak jaten bisitari aunitz ikusi genuen. Gasna lehiaketan ere aspaldiko urtetako partehartzerik handiena izan zen aurtengoan. 21 gasna aurkeztu ziren, Bortziriak, Malerreka, Baztan eta Urdazubitik. Lehenbiziko bi sariak urroztarrek eraman zituzten. Txapelduna Kontxi Jaunena izan zen eta bigarrena Nati Telletxea. Hirugarren postuan iazko irabazlea gelditu zen, Felixa Irungarai. Etxalartarren artean, lehiaketan lehenbiziko aldiz parte hartzen zuen Mari Asun Olagaraien gasnak irabazi zuen. Bigarrena, bertze hainbatetan ere saritua izan den Isidro Ariztegik eraman zuen.

Bazkarian 110 lagun bildu ziren. Arratsaldean berriz, Andre Mari Dantza Taldeko gaztetxoek saio bixi eta polita eskaini zuten. Altxata Kultur Elkarteko antolatzaileak gustura gelditu ziren egunak izandako martxarekin. Lerro hauen bidez eskerrak eman nahi dizkie ekitaldi desberdinak antolatu eta prestatzen lagundu zuten herritarrei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun