Ekainaren 22an eginen da Donezteben Arkupeak elkartearen urteko besta handia. Arkupeak elkarteak eta Nafarroako Kutxak antolatuta, omenaldia eskainiko zaie aurten 85 urte betetzen dituztenei, baita urrezko ezteiak ospatzen dituztenei, hau da, 50 urte ezkondurik egin dutenei eta bidenabarkoan, Arkupeak elkartearen hemeretzigarren urteurrena ere gogoratuko dute.
Autobusen irteera ordutegiari dagokionez, Goizueta, Urdazubi eta Zugarramurditik goizeko 9:30etan abiatuko dira; Irun eta Leitzatik goizeko 10etan; Eratsun eta Ezkurratik 10:15etan; Bera, Etxalar, Arantza, Elizondo ingurua eta Almandoztik 10:30etan eta Zubieta, Sunbilla, Oronoz eta inguruko herrietatik 10:45etan.
11:30etan Doneztebeko elizan Meza izanen da eta agintariak ere etorriko dira. Mezan bertsolariak ere arituko dira eta ondotik omenduei opariak emanen zaizkie. 14:15etan, bazkaria izanen dute Doneztebeko kiroldegian, Argedaseko jatetxe modernoaren eskutik, beti bezala, Feli, Rosi eta beraien laguntzaileekin. Menua, beti bezala, berezia izanen da: fritoak eta langostinoak, zurrupakia, legatza erromatar erara, umerria entsaladarekin eta tarta izozkiarekin izanen dute, dena txanpaina, ardoa, ura, kafea eta kopekin bustia.
17:00etatik 19:45ak arte dantzaldia izanen da Amalur taldearekin. Dantzaldiari sarrera agintariek emanen diote.