Uztailaren 31n jokatu zen Beran Nafarroako koxkor biltze txapelketaren finala, Fernando Etxegarai beratarrarekin batera, Iñigo Lasaga etxalartarra, Patxi Irazoki igantziarra eta Berriozarko Iñaki Ekisoain eta Josu Jimenez aritu ziren finalean. Koxkor biltzaile bakoitzak 1,25 metrora jarritako 50 koxkor bildu zituen (bi filatan jarriak). Txapelketa ikusgarrai suertatu zen eta azkenean, pronostikoak betez, Fernando Etxegarai nagusitu zen, 6 minutu eta segundu bakarreko denborarekin. Fernando berak duen errekorra, 5 minutu eta 57 segundukoa hurbil izan zen. Bigarren posturako lehia estua izan zen. Iñigo Lasagak 6 minutu eta 13 segundutan akautu zuen lana, Patxi Irazokik 6 minutu eta 15 segundutan eta Iñaki Ekisoainek 6 minutu eta 17 segundutan. Denbora horiek erakusten dute finalak izan zuen maila bikaina, duela lau-bortz urte txapeldunak sei minutu terdi behar izaten baitzituen lan bera egiteko. Bosgarren postua Josu Jimenez gazteak eskuratu zuen (7’07”).
Nafarroako txapelketako bi lehenbizikoek, Fernando Etxegarai eta Iñigo Lasagak, Euskal herriko txapelketan parte hartzeko txartela lortu dute. Txapelketa hau irailaren 25ean jokatuko da Uharten.