Doneztebeko taldeak aisa irabazi zuen XXVI. laxoa txapelketako finala

Aitor AROTZENA 2007ko urtarrilaren 22a

Doneztebeko txapeldunak eta Iruritako txapeldunak, sariak banatu ondotik. TTIPI TTAPA

Iruritari 9-1 irabazi zion abuztuaren 7an Bear-Zana pilotalekuan jokatutako partida

Doneztebeko taldeak Baztan-Errekako laxoa txapelketa irabazi du hamabosgarren aldiz. Abuztuaren 7an jokatu zen XXVI. txapelketaren finala Doneztebeko Bear-Zana plaza historikoan eta 9-1 nagusitu zitzaion etxeko taldea Iruritari. Txapeldunek Felipe Ganboa sakalaria, Peio Iribarren numeroa eta Patxiku Ganboa eta Joxe Mari Anzizar laurdenekin jokatu zuten. Iruritako taldean, berriz, Jorge Azkarate sakalaria, Igor Urrutia numeroa eta Andres Elizaintzin eta Iñaki Etxandi laurdenak aritu ziren. Epaile lanean, Juan Mari Artazkoz (Doneztebe), Juan Pablo Urtasun (Irurita), Alberto San Miguel (Oitz), Mariano Maritorena (Arraioz) eta Koldo Alegria (Hondarribia) aritu ziren. Mikel Iribarren doneztebarra aritu zen ttattari lanean.

26 urteotako finaletan bigarren emaitzarik argiena

Beroa izan zen finaleko protagonista, 32 gradutan jokatu baitzen partida. Gainerakoan, ez zen emozio handirik izan, Iruritakoek ez baitzuten beraien egunik onena izan. 6-0 aitzindu ziren etxekoak, 6-1 joku bakarra egin zuten baztandarrek eta azken hiru jokuak segidan eginez, 9-1 irabazi zuten doneztebarrek. 26 urteotan jokatutako finalen artean bigarren emaitzarik garbiena izan da aurtengoa. 1983an Oitzek hutsean utzi zuen Doneztebe. Peio Iribarren doneztebarrak jaso zuen finaleko pilotari onenaren saria Mikel Eizagirreren eskutik. Nafarroako Kutxako ordezkariak, Javier Almandozek banatu zituen sariak.

kusleen artean, Agustin Brugués, Kataluniako Pilota Federazioko presidentea; Angel Arraiza, Nazioarteko Pilota Federazioko diruzaina eta Josetxo Iraundegi, Pilotarien Batzarrako presidente ohia eta Nazioarteko Pilota Federazioko idazkari ohia izan ziren, baita Alberto Soldado kazetari valentziarra ere. Espero baldin bazen ere, ez zen Nafarroako Pilota Federazioko ordezkaririk izan Donezteben.

Laxoa Elkartea garaile Ziburun

Laxoa Elkarteak egindako Baztan eta Malerrekako selekzioak irabazi zuen Ziburuko txapelketa, finalean Donibane Lohitzuneri 9 eta 6 irabazita. Guante motzak eta pilota goxuak erabili ziren, eta lau aritu beharrean, talde bakoitzean bortz pilotari aritu ziren. Laxoa Elkartearekin Felipe Ganboa (Doneztebe), Oskar Urrutia (Irurita) eta Oizko Alberto San Miguel, Iñaki Mendiola eta Joxe Agustin Mindegia aritu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun