Asteburuan hasi da 23 urte azpiko binakako urrezko aizkora

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 22a

Rekondo eta Erasunek garaipenarekin hasi dute ligaxka

Asteburu huntan hasi zen 23 urte azpitiko binakako urrezko aizkolarien txapelketa, larunbatean Atutxa II.a eta Aldape Mugertza anaien aurka aritu ziren Ubidean, eta igandean berriz, Doneztebeko Pilotalekuan, Alkizalete II.a eta Gorriti, Jimenez eta Rodriguezen aurka, eta bigarren saioa batean Larretxea lehengusuak, Rekondo eta Erasunen aurka.

Larunbateko norgehiagokan iazko finaleko bi bikoteak ziren parez pare, eta txapeldunak izaki Mugertza anaiak ziren faboritoak. Zoritxarrez haientzat Bizkaiko pilotalekuan gauzak ez zitzaien nahi bezain ongi atera. Lehen probetan bi bikoteak orekatuak ibili ziren batek proba bat irabazten bazuen bertzeak ondokoa. Maiz gertatzen den bezala iraupeneko proba izan zen erabakigarria. Azken huntan Aldape eta Atutxa izan ziren azkarrenak eta saioa irabazi zuten huni esker. Lanen guzien betetzeko 15 minutu eta 37 segundo behar izan zituzten, eta mugertza anaiek berriz 17 minutu eta 29 segundo.

Biharamuneko norgehiagokan, Donezteben, lehen saioan Jimenez eta Rodriguez, Alkizalete II.a eta Gorritiren aurka aritu ziren. Lehen 4 probetan bi taldeak parekatuak izan ziren, talde bakoitzak bina proba eskuratu zituen. Beraz, bezperan bezala iraupeneko proba izan zen erabakigarria. Ordu arte lehia orekatua izan bazen, azken proban, Alkizalete II.a eta Gorriti kasik 4 minutuko aldea kendu zien aurkariei, hori esker saioa irabazi zuten lan guziak betez 21minutu eta 32 segundorekin. Jimenez eta Rodriguezek berriz 24 minutu eta 20 segundo behar izan zituzten.

Asteburuko azken saioan eskualdeko 4 aizkolari gazte aritzen ziren, batetik Oihan eta Garikoitz Larretxea eta bertzetik Rekondo eta Erasun. Proba guzietan alde handirik ez bazen izan ere, kolpekako proban ez ezik Erasun eta Rekondo gaineratiko lau probetan nagusitu ziren. Lan guzien betetzeko 18 minutu eta 59 segundo behar izan zituzten eta larretxea lehengusuak berriz 20 minutu eta 57 segundo.

Heldu den igandean ligaxkako II. jardunaldiko bi norgehiagoka jokatuko dira Lesakako pilotalekuan, Mindegia eta Rodriguez, Rekondo eta Erasunen aurka neurtuko dira eta Larretxea lehengusuak Alkizalete II.a eta Gorritiren aurka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun