Urtarrilaren 18an egindako udal batzarrean, Bertiz Partzuergoan duen ordezkaria aldatzea erabaki zuen Etxalarko Udalak. Azkeneko urte honetan Bertizko Partzuergoan eramandako martxarekin Herri Taldea ez dago batere ados. Prentsa ohar baten bitartez jakinarazi dutenez, alde batera utzita Bertizko Partzuergoan dauden arazo estrukturalak, erabakia hartzerako orduan, udalan gehiengoa duen Herri Taldeari EAko Agustin Arribillagak eramandako jokamoldea ez zaio gustatu.
Ttipi Ttapati erran dutenez, nagusiki bi arrazoi izan dira kontuan hartu dituztenak erabaki hori hartzerakoan. Batetik gasna feria egunaren antolakuntzan, haien ustez koordinazio falta izugarri nabarmena izan zen, eta horren ondorioz subentziorik ez zuten lortu. Bertzetik bide berdearen gaiarekin lotuta, Etxalarko bentetan zubi bat egitea, bide berdea eta Etxalarko benta eta aldi berean Etxalarko herria lotzeko asmoa zuten. Hasiera batean, Agustin Arribillagak Bertizko ordezkariak, Etxalarko udaleko batzar batean, % 100 subentzionatutako egitasmoa zela erran baldin bazuen ere, gerora Patxiku Irisarrik zuzentzen duen taldea ohartu zen deus ez zegoela. Akats hori bere denboran ez onartzeagatik, bai Etxalarko udalean, bai Bertizko Partzurgoan, Herri Taldearen arabera energia eta denbora alferrik galtzea ekarri zien.
Horren ondorioz, legealdi hasieran emandako konfiantza kendu diote, eta hemendik aintzinera Etxalarko alkatea, Patxiku Irisarri, izanen da ordezkari berria Bertizko Partzuergoan