Antsolokuetako bestarik ez da eginen eta Urritzokietakoak irailaren 18an izanen dira

Joseba eta Nerea 2007ko urtarrilaren 22a

TTIPI TTAPA

Duela 25 bat urte furia handiarekin hasi ziren Etxalarren auzoetako bestak egiten. Iñarretakoak izan ziren lehenbizikoak. Ondotik, Antsolokuetakoak hasi ziren eta joan den urterarte ez dute behin ere hutsik egin.

Telleriko Blanki Perezek erran digunez, «ez naiz seguru-seguru oroitzen baina uste dut 1982. urtean egin genuela lehenbizikoa. Orduan Kamioan izaten zen. Handik pixko batera lekuz aldatu eta Eguzkiagerreako Larrainera pasatu ginen. Joan den urterarte hantxe egin dugu urtero». Giro ederra oroitzen du Blankik urte horietan guzietan. 70 bat lagun biltzen ziren bazkaltzeko eta ondoko musika doinuekin berandurarte luzatzen zen besta kasik urtero. Hala ere, poliki-poliki galduz doazen bestak dira auzoetakoak. Aurten Antsolokuetakoak gelditu dira eta ez dakigu hurrengo urteetan segituko ote duten. Hala ere, polita litzateke berriz ere hastea, antolakuntzaren erreleboa bertze norbaitek hartuz.

Urritzokietakoak bai

Urritzokietako bestek historia desberdina dute. Herriko auzoetakoak baino lehenagokoak dira eta oraindik aski arrakastatsu segitzen dute. Aurtengoan ere ez dute hutsik eginen. Irailaren 14an, ortzeguna, meza izanen da Santa Krutz ermitan eta igandean, irailak 18, Sainduneko Bordako zubian bilduko dira 70 bat lagun giro ederrean bazkaltzera. Ondotik, musika izanen da eta ordu ttikiak arte luzatuko da besta seguraski, urtero bezala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun