Joan den igandean Miel Mindegiak, Ezkurrako aizkolariak, Irungo Ola sagardotegiaren lehen txotxa egin zuen 200 bat lagunen aitzinean.
Urtero bezala Meaka auzoko sagardotegia bete zen denboraldiari hasiera emanen zion txoxt irekiaren kari. Aurtengo uzta dastatzeko aukera izan zuen lehena, aizkoran hainbat txapel jantzi dituen Miel Mindegia izan zen. Eguerdiko biak zirela, tutua jo ondotik, txalapartak erritmoa ematen zuela, Irun aldeko hainbat lagun sartu ziren kupelen gelara. Ohi den bezala, aurreskua dantzatu zitzaion omendua zen pertsonari, kasu huntan Miel Mindegiari, eta ondotik aurtengo sagardoari lehen zurrupak egin ahal izan zitzaizkion. Aizkolariak ez zuen anitz dudatu sagardoa ona zela errateko. Hauexek izan ziren erabili zituen hitzak « Ederrak ziok ».
Hartutako sagardo pixara bukatzen ari zela, bertsolariak, Peñagarrikano eta Arzallus mikrofonoetara hurbildu ziren agurra eta sagardoari buruzko bertso batzuk botatzeko. Txoxt irekierako ekitaldiak bukatuak, bezeroak eta bertze gomitatuak kupelara hurbildu ziren edariak benetan ona zenez probatzeko. Jendea gosetzen hasi zela eta, ohiko menua zerbitzatzen hasi ziren. Sagardo ona bada sagardotegi on baten ezaugarri nagusia, janariak ere badu zer-ikusia, baina horretan ere Olako sukaldariek ez zuten huts egin, eta tortilla, bakalao zein txuletak ederki atera zituzten. Bazkaria bukatzeko, jende gehienak eskuan kopa zuela, bi bertsilariek Amets eta Angel Marik bertso saio animatua eskaini zuten, bertan ziren jendeekin sartzeaz ez ziren beldurtu.