Doneztebeko Bear-Zana pilota plazak 150 urte bete ditu. Urtemuga hori ospatzeko, Laxoa Elkarteak zenbait ekitaldi antolatu ditu irailaren 18rako. Pilota plaza hau laxoan eta pilotan aritzeko ez ezik, bertze hainbat ekitalditarako ere erabili da: aizkora apostuak, dantza saioak, herritarren bilgune… Horregatik, herritar guztiendako besta eguna izanen dela azpimarratu nahi izan dute Laxoa Elkartetik, ez laxoarekin lotutako jendearentzat edo gazteentzat bakarrik. Patxiku Ganboa eta Tiburtzio Arraztoa antolatzaileekin izan gara, irailaren 18ko egitarauaz gain, Bear-Zana pilota plazaren 150 urteotako historiaren berri izateko.
Bear-Zana pilotalekua 1855an inauguratu zen, baina ez dago egun zehatzaren berririk. 150 urteurreneko ospakizuna egiteko irailaren 18a aukeratu du Laxoa Elkarteak. Hasieran bizpahiru asteburuetan ekitaldiak egitea pentsatu baldin bazuten ere, azkenean, ahalik eta jende gehiena elkartzeko helburuarekin, egun bakarrean bildu dituzte egin beharreko besta, omenaldi eta ospakizunak. Honela, irailaren 18ko goizeko 10:30etan txistulariak arituko dira. 11:00etan laxoa desafioa izanen da, lehen aritutako guantelarien artean. Herriko dantzarien saioaren ondotik, eguerdian laxoa desafio sinesgaitza iragarri dute antolatzaileek, imagina ez daitekeen goi-goi mailako partida. Bertzelako berririk ez dute eman nahi eta «zer gisako partida den ikusteko, onena egun horretan Bear-Zanara agertzea» izanen dela azpimarratu nahi izan digu Patxiku Ganboak.
Partida hau akituta, 13:15ak aldera, plazari eta pilotariei omenaldiak eginen zaizkie. Erran behar da hainbat pilotarik jasoko dutela omenaldia. Alde batetik, azken boladako txapelketetan, 1980tik honat aritu diren 49 guantelari eta 2 ttattari omenduko dira. Bertzetik, 1960ko hamarkadan aritutako Jaime Agirre, Agustin Eraso, Pedro Larraza eta Faustino Ziganda pilotariak omenduko dira, baita Eusebio Arregi guante egilea ere. Ondotik, hilondoko omenaldia eskaini nahi dio Laxoa Elkarteak Fidel Jadraque pilotari-guantelari paregabeari eta azkenik, aurreskua dantzatuko da Bear-Zana plazaren omenez. Ekitaldi guzti hauen ondotik, 14:00etan eginen da herri bazkaria. Txartelak 25 eurotan salgai daude Titi eta Xanti ostatuetan, irailaren 14a bitarte. Horretaz gain, kamisetak ere salgai paratu dituzte, 10 eurotan. Bazkal giroko eta bazkalondoko musika Mikel Salaberriren eskutik izanen da.
1855ean pilota plaza eta 1930ean ezker pareta
Bear-Zana egin aitzinetik Donezteben bertze plazaren bat bazela ageri da liburuetan. Bear-Zana 1855ean egin zen, 35.711 erreal eta 50 xentimoren truke. Kopuru horretatik 4.864 erreal lurra erosteko erabili zen; bertze 280 erreal bertan zeuden fruituak ordaintzeko eta zatirik handiena, 30.567 erreal eta 50 xentimo, peoiak eta materiala ordaintzeko. Udaletxeak ordaindu zuen lana eta ondoko mantenimendu lanak ere bere esku zeuden. Honela, plaza egin eta urtebetera, 1856an, Joaquina Juanatorenari 168 erreal ordaindu behar izan zizkion, «Pilota Jokoaren ondoan duen lurrean sortutako kalteengatik».
Joku Luzerako plaza egokienetakoa omen zen Bear-Zana: irekia eta zabala. Zola hareaz estalia zuen eta azpian, drenatze berezia zeukan, euria egiten zuenean putzurik ez egiteko eta berehala idortzeko. Idorregi zegoenean, berriz, hautsa ez harrotzeko bi itturri zituen. Zola eta erreboteko paretak ez dute 90 graduko anguloa egiten, irekiagoa baizik, honela indarrez datorren pilota gehiago altxatzeko.
Moldaketarik handiena 1930an etorri zitzaion Bear-Zanari, ezker pareta egin zitzaionean. Herri aunitzetan joku luzearen ordez ezker pareta jarri zuten. Donezteben, ordea, frontoia plazaren barnean egin zen. Honela, joku luzearen tradizioa errespetatuz, kirol premia berriak soluzionatu ziren.
Bitxikeria arkitektonikoa: Errebote birakaria
Bear-Zana pilota plazak 75 urte zituenean, 1930ean egin zitzaion ezker-pareta, 46.977,34 pezetaren truke. Zorionez, horrek ez zuen joku luzearen desagertzea ekarri. Baina ezker paretaz gain, inon ikusi ez zen bitxikeria arkitektonikoa ere egin zitzaion: errebote birakaria. Orduko Doneztebeko alkatea, Emilio Azarola, ingeniaria ere bazen eta berak asmatu zuen erreboterako mugitzen zen pareta. Burnizko egitura estaliz egin zen pareta eta errail batzuen gainean ezarri zen, mugitu ahal izateko. Biradera edo manibela baten bitartez, pertsona bakar batek mugitzen ahal zuen errebotea. Lehenbiziko arazoa errebotea kokatzerakoan sortu zen, pisuarengatik zola pixka bat jautsi eta biradera ez baitzen zegokion lekuan sartzen. Arazo hori moldatu zen, baina halere, guttitan erabili zen Azarolaren asmakizuna. Izan ere, pilotak burnizko habea zegoen lekuan jotzen zuenean bizi-bizi ateratzen zen eta bertzenaz, hila gelditzen zen. Halere, pilotaren historiarako hor gelditu da errebote birakariaren mekanismo bitxi hau.
1989ko uztailaren 4an Gipuzkoako egunkari batean ageri zenez, Huelvako Palos de la Fronterako frontoian errebote birakaria ezarri zuen Fernando Picó industrialak. Egunkari horrek asmakizun berritzailetzat jo zuen hori, 59 urte lehenago horrelako bat Donezteben ezarri zela jakin gabe, noski. Juan Mari Artazkoz guantelari doneztebarrak eskutitza igorri zion egunkariko zuzendariari, Azarolak asmatutako errebotearen berri emanez eta Doneztebera laxoa partida bat ikustera gonbidatuz.