Nafarroako mendialdeko kultur ondarea zaintzeko eta berreskuratzeko III. lehiaketako sari banaketa egin zen asteazkenean Petilla de Aragonen

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 19a

Cederna-Garalur elkarteak LEADER+ programaren barnean, hirugarren urtez sariketa hau antolatu du. Helburua, Nafarroako mendialdeko hainbat udalerritan ondare kulturala eta arkitektonikoa berreskuratze aldera egin duten lana baloratzea eta saritzea da. Sariketan honako hauek egon ziren: Paulino Rived (Petilla de Aragoneko udaletik), Javier Esparza (Cederna-garalur elkartearen lehendakaria), Juan Ramon Corpas (Nafarroako Gobernuko kultura eta turismo kontseilaria), Carlos Erce (Nafarroako Gobernuko turismo zuzendari nagusia) eta Eva Jimeno (Cederna Garalur elkartearen zuzendari-gerentea).

Sari banaketan, saritutako herrietako udalak, garapen eragileak, alkateak eta Nafarroako Mendialdeko Cederna-Garalur elkarteko ordezkariak izan ziren. Hirugarren edizio honetan, Nafarroako mendialdeko hainbat udalerritako 12 proiektu saritu dira. 4.000na euroko 7 sari, eta 2.000na euroko 5 aipamen berezi banatu ziren. Saritu guztiek Fernando Martin forjariak egindako eskultura bana jaso zuten. Saritutako proiektuak honako hauek izan ziren: -Itzagaondoko udalari, Turrilasko iturria zaharberritzeko 2. fasearengatik. -Galipentzuko udalari, “galeriak eta orubeak berreskuratu eta publiko bihurtzeko” izeneko proiektuarengatik. -Eloko udalari, Gazteluaren inguruan egin den esku-hartze arkeologiko, berreskuratze lan, ikerketa eta interpretazioarengatik. -Saigots kontzejuari, San Kristobal elizaren barnealdean egin diren zaharberritze lanengatik. -Garraldina elkarteari, Garraldako errota egokitu eta berreskuratzeagatik. -Erronkariko udalari, San Joan ermita leheneratzeagatik. -Baztango udalari, Amaiurko errota birgaitzeko proiektuarengatik. Azpimarratzekoa da, bertzeak bertze, udalak zerbitzuaren kalitatea bermatzen duela eta errota baliabide berezitu gisa bulkatzen duen eredua bilatu izana. Turistendako eta bisitariendako erreferentea izateaz gain, halako eraikin baten balio etnografikoari eusten zaio.

AIPAMEN BEREZIAK

-Agoizko udalari, ondare arkitektonikoa zaintzen eta baloratzen izandako ardura, arreta eta sentsibilitateagatik. -Arbizuko udalari, mezen borda berreskuratzeagatik. -Sunbillako udalari, “Auzolana: herriko aizkolari Ramon Latasari eskultura egiteko lan egiteko modua” izeneko proiektuagatik. Aipamen bereziak aintzat hartzen du Sunbillako herriak herri arkitektura baloratzeko egindako lana, hartarako Sunbillako aizkolari ezagunaren eskultura baliatuz. Eskultura herriko plazan ikusgai egonen da. Herriko ohiko herri arkitekturari erreparatuta eginen da, ondare eraikian txertatua, eta kultur ondarea aintzat hartuta. -Berako udalari, “Berakarri: Bera, muga, lurra, ura, erakargarria. Eraikinen seinalizazioa” izeneko proiektuarengatik. Pio Baroja hil zela 50 urte igaro direla eta, Berako udalak ondarea berreskuratzeko hainbat jarduera garatu ditu; horien artean aipatu seinaleztapena. Epai-mahaiaren aipamen bereziak aintzat hartzen du Berako herriak kultur eta ondare baliabide guztiak baloratzeko egindako ahalegina. Bera ondare aberastasun handiko udalerria da eta jarduera honekin turistei eta bertako herritarrei udalerria ezagutzera emateko aukera areagotzen du. -“Berroko zubia: Done Jakueren bideko Baztango bidea berreskuratzeko bertze urrats bat” izeneko proiektuari. Urdazubiko Done Jakueren bidearen lagunen elkarteak hainbat urte daramatza TURONENSIS Bideko erromes anitzek mendeetan zehar erabili zuten ibilbidea berreskuratzen. Aipatu ibilbideak zenbait onura zituen Erronkaritik sartzen zen bidearekin alderatuta: klima epela, kota baxuagoak eta 20 kilometro gutxiago. Ildo horren barnean kokatzen da Arizkungo Erdi Aroko Berroko zubiaren zaharberritzea; Baztango udalak 2005ean finantzatuta, eta harriarekin lan egiten duen eskulangile batek egina. Eskulangileak zubiaren muina errespetatu eta hondatuen zeuden elementuak soilik berritu ditu, ohiko teknikak eta materialak erabiliz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun