Zubian obrak egin behar dituztela eta, Bertiz Natur Parkeko sarrera nagusia hetsiko dute hilabete batez. Bidasoa zeharkatzen duen eraikinean pitzadurak agertu dira, hori dela eta, arriskuei aurre egiteko lau astez lanak eginen dituzte azpiegitura indartzeko. Trafikoa guztiz hetsiko dute, eta han artean, Natur Parkera joateko Reparazea zubitik pasatu beharko da, soilik oinez. Indartze lanak heldu den astean hasiko dira eta otsailaren bukaerarako bukatzea espero dute. Zubia duela mende bat eraiki zen, baina azken 25 urte hauetan autobusen joan etorriak biderkatu egin dira. Jakinez eraikina ez zela inoiz hainbesteko pisua hartzeko eraikia izan, pitzadurak agertzean neurriak hartu behar izan dituzte. Duela bi urte pitzadura bera agertu zen eta konponketa ttiki batzuk egin eta gero tapatu zuten. Oraingoan arazoa benetan konpontzea erabaki dute. Adituek diotenez arrisku handirik ez dago baina arduradunek nahiago izan dute zubia hilabete batez hetsi, eta azterketa eta konponketa serio bat egin. Lan horren eramateko negua hautatu dute, garai horretan jende guttiago ibiltzen baita natur parkean, gainera urtaro horretan urak ez dira hain gora eta lanak aiseago egiten ahalko dituzte.