Donezteben jokatuko dira urrezko aizkolarien 23 urte azpiko lehen jardunaldiko bi saio

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 19a

Eskualdeko 5 aizkolari arituko dira, Alejandro Mindegia, Garikoitz eta Oihan Larretxea, Jon Rekondo eta Ander Erasun

Urrezko aizkolarien 23 urte azpikoen binakako txapelketa asteburu huntan hasiko da. Igandean ligaxkako bi saio jokatuko dira Doneztebeko pilotalekuan.

Aurten aurkeztu diren 7 bikoteak bi multzotan banatuko dira eta txapelketa hasiera ligaxka moduan jokatuko da. A multzoan Alkizalete II eta Iker Gorriti, Xabier Mindegia eta Jon Rodriguez, Larretxea lehengusuak, eta, Jon Rekondo eta Ander Erasun lehiatuko dira, eta B multzoan berriz, Atutxa eta Aldape, Mugertza anaiak eta Amillano Kañamares.

Ligaxkako saioetan bete beharko dituzten lanak hauexek dira: Hasteko 45 ontzako enborra kolpeka, erdia aizkolari batek, eta bertzeak bikote kideak. Ondotik erlojuaren aurka, eta lana erditik banatuz 45 ontzako bi enbor moztu beharko dituzte. 3. eta 4. probak txanda librean izanen dira, lehenean 45 ontzako bat moztu beharko dute zutik, eta bigarrenean berriz, 60 ontzako bat etzanda. Saioa bukatzeko ohi denez iraupeneko probari ekinen diote. Horretan bi 45 ontzako eta 4 kana-erdiko moztu beharko dituzte.

Txapelketari hasiera ematekoa B multzoan Atutxa eta Aldape Mugertza anaien aurka arituko dira Ubideako frontoian. Biharamunean jardunaldia gure eskualdean izan da, Doneztebeko pilotalekuan hain zuzen ere. 12:30etik aitzinera, A multzoko bi saio jokatuko dira, lehenean Alejandro Mindegiak Xabier Mindegia ordezkatuko du zangoan minartuta dagoelako, eta Jon Rodrigezekin batera Alkizalete II.a eta Gorritiren aurka arituko dira. Ondotik eskualdeko aizkolari gazteen arteko norgehiagoka izan dugu, alde batetik, Larretxea lehengusuak, eta bestetik, Jon Rekondo eta Ander Erasun.

Ligaxka bukatuko denean, bi multzoetako lehen biak sailkatuko dira, eta finalerdietan, lehenek bertze multzoko bigarrenen aurka arituko dira. Finala Azpeitian jokatuko da otsailaren 24an maila nagusiko finalarekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun