Malerrekako txapelketako lehen kanporaketa jokatu da elite mailan

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 18a

Erreka elkarteak bosgarren urtez antolatu duen eskuz binakako txapelketaren barrenean, senior eliteko lehenbiziko kanporaketa jokatu zen asteazken arratsaldean. Final zortzirenetako jardunaldi luze-luzea izan zen Doneztebeko pilotalekuan, partidak arratsaldeko 4:30etan hasi eta gauerdiko ordubata arte ez baitziren akautu.

Gure Txokoako Zerezo eta Huartek 22 eta 18 irabazi zieten Errekako Urrutiari eta Izaren ordezko gisara etorri zen Iranetari. Urrutiak tantu ederrak egin zituen eta Zerezok sake indartsua erakutsi zuen. Tolosako Aurrera Saiaz taldeko Olaetxea eta Galarragak 22 eta 13 irabazi zieten Markel Etxebesteren ordez aritu zen Iker Tainta eta Etxegarairi. Partida ona jokatu zuten lauek, baina irabazleak gehiago izan ziren. Zazpi Iturriko Elurbe eta Garmendiak 22 eta 5 irabazi zieten Irurtzungo Lazkoz eta Diez de Ulzurruneri. Garmendia bikain aritu zen, agindu, jo, moztu eta Elurbek ere lan polita egin zuen aitzinean. Lesakako Mololo Irigoienek eta Leitzako Iparragirrek 22 eta 12 irabazi zieten Larraungo Azpiroz eta eta Zabalori. Emaitzak bertzelakoa erakusten badu ere, partida bikaina eta gogorra izan zen, ordu terdi iraun baitzuen. Mololo bikain ibili zen aitzinean eta Iparrak ere partida osoa egin zuen. Arerioek ere partidu ona jokatu zuten. Zugarraldeko Unai Arraztoak eta Landiribarrek 22 eta 7 irabazi zieten Paz Zigandako Rekalde eta Lopetegiri, historia handirik gabeko partida batean. Tolosako Aurrera Saiaz elkarteko Renobales eta Elizaldek 22 eta 16 irabaz i zieten Oberenako Abad eta Okiñenari. Gazteak beteranoak baino gehiago izan ziren azkenean, baina partida gogorra eta polita izan zen bukaera arte. Hondar partidan, Aurrera Saiazeko Ontalok eta Oberenako Iruritak 22 eta 11 irabazi zieten Elgetako Ozkarbi taldeko Azagirre eta Angulori. Erdira arte partida orekatua izan bazen ere, azkenean nahiko ongi nagusitu ziren irabazleak.

Gauzak honela, heldu den asteazkenean, urtarrilaren 24an jokatuko dira final laurdenetako partidak, arratsaldeko 5etatik aitzinera Doneztebeko pilotalekuan. Lehenik, Errekako Iraola eta Zugarraldeko Urzainki, Gure Txokoako Zerezo eta Huarteren kontra arituko dira. Ondotik, Aurrera Saiazeko Olaetxea eta Galarraga, Zazpi Iturriko Elurbe eta Garmendiaren kontra arituko dira. Gero, Mololo Irigoien lesakarra eta Unai Iparragirre leitzarra, Zugarraldeko Unai Arraztoa eta Landiribarren kontra arituko dira. Final laurdenetako azken norgehiagoka, Aurrera Saiazeko Renobales eta Elizaldek, talde bereko Ontsalo eta Oberenako Iruritaren kontra jokatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun