Mitxel Aginaga kirolari narbartearrak merituko hirugarren postua eskuratu zuen urtarrilaren 6an Londresko Bordon Green Cup proban. Ibilbidea hagitz zail zegoen, euria eta lohiarekin, eta horrek gogortu zuen proba.
Mitxel, hasieratik lasterketa buruan izan zen laukotean sartu zen. Baina lasterketaren hirugarren sektorean, lasterka egin beharreko bigarrenean, ihes egin zion garaipenaren borrokak. Aginagak aipatutakoaren arabera, oinetakoen aukeraketa okerra egin zuen, ibilbidea lehenbiziko sektorean baino egoera kaxkarragoan baitzegoen eta “bi pausotikan irristatzen nintzen”. Narbartearra hirugarren izan zen, Erresuma Batuko Christopher Birch eta Colin Dixonen gibeletik.
Erresuma Batuan izandako esperientziarekin kontent itzuli da Aginaga eta Munduko Kopako sailkapenerako puntuak pilatzen segitzen du. Narbartearra da oraingoz, Munduko Kopa horretako sailkapen buruan eta podiumera igotzen segitzen duenez, konfidantza dauka udaberri honetako bi lasterketa nagusiendako: Espainiako Puertollanon eginen den Europako txapelketa eta Argentinan eginen den Munduko txapelketa.