Zozaia eta Ibargarai Nafarroako txapeldun izan dira pala motzean

Aitor AROTZENA 2007ko urtarrilaren 17a

Xabier Ibargarai erratzuarra eta Xabier Zozaia lesakarra, Nafarroako txapeldun pala motzean. Utzitako argazkiak

Lesakarra eta erratzuarra pala luzeko finalean elkarren kontra aritu ziren

Xabier Zozaia lesakarrak eta Xabier Ibargarai erratzuarrak osatutako bikoteak pala motzeko Nafarroako txapelketa irabazi du. Oberena klubaren izenean ari den bikoteak 40-23 irabazi zion Labriten jokatutako finalean Agoitzeko Larrea eta Erbururi. Garaipen honi esker, Zozaia eta Ibargaraik Espainiako kluben arteko txapelketan parte hartuko dute orain.

Baina ez da azken hilabeteetan bi pilotari haundi hauek eskuratu duten garaipen bakarra. Ibargarai erratzuarrak, palista profesionalekin batera jokatutako Nazioarteko Pala Motzeko irekia irabazi zuen. Fusto argentinarrarekin bikote eginez, bi profesional handiri, Urkia eta Galani irabazi zien.

Zozaia lesakarra ere pala motzean aritu da, Gasteiz, Sestao eta Frantziako torneoan. Hiru txapelketa hauetan finalerdietan kanporatu dute.

Pala luzean ere biak finalista

Baina Xabier Zozaiak pala luzeko Nafarroako txapelketa ere irabazi du. Txikirekin bikote egin du eta iaz bezala, aurten ere txapeldun suertatu dira. Noaingo pilotalekuan jokatutako final estuan 45-44 irabazi zieten Zabalza eta Xabier Ibargarairi. Erratzuarrak azken sakean falta egin zuen eta hortxe ihes egin zion txapelak, lesakarraren mesederako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun