San Anton eguna ospatu da eskualdeko hainbat herritan

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 17a

Lesakan erromeria igandean eginen da urtero bezala

Gure eskualdeko hainbat herritan ospatzen da San Anton eguna, baina nagusiki Elizondon, Zubietan eta Lesakan.

Lesakan, aste eguna izaki, Endara auzoko baselizara bisitatxo bat egiten dute herritar batzuk baina jende oldea igandean espero da. Ohiturari eutsiz erromeria eginen da auzoan, eta Lesakatik ez ezik, Bortzirietatik, Oiartzun eta Irun aldetik hainbat lagun espero dira. Goizeko 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan mezak emanen dira San Antongo ermitan. Oinez joan nahi dutenentzat, Beti Gazte elkarteak mendi irteera antolatu du goizeko 8:00etan abiatuta. Arratsaldean, itzultzean, 18:30etik aitzinera dantzaldia izanen da plaza zaharrean.

Elizondon ekitaldi guziak egunean berean izaten dira eta ekitaldi nagusia fama handia hartu duen zozketa izaten da. Herriko zahar-etxearen aldeko dirua biltzen duelako arrakasta handia izaten du eta zenbakiak ateratzeko orduan jende franko hurbiltzen da Herriko Etxeko atarira. Hala ere, ez da San Antonen egiten den ekitaldi bakarra. Ospatzen dutenen gehienentzat eguna goizean hasten da sainduaren ohoretan ematen den mezarekin. Ondotik Foru plazan biltzen dira Baztan zopak, eta ogi eta gasnarekin gosaltzeko, hori guzia ardo pixka batekin lagunduta. 13:00etan zozketa egiten da udaletxeko balkoitik. Egia erran Frantzisko Joaquin de Iriarte zahar-etxearentzat etekin gutti ateratzen dira baina ohitura handia da eta ehundaka jendeek hartzen dute parte. Zozketa bukatu eta gero, zahar-etxeko batzorde kideak eta langileak biltzen dira bazkari eder batentzako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun