Finantziazio planean %35eko defizitarekin hasiko dira Luberriako urtegia eraikitzen otsailean

Franck DOLOSOR 2007ko urtarrilaren 17a

Abiada haundiko treina lur azpitik pasatzearen alde dago Herriko Etxea

Otsaila eta uztaila artean, Luberriako urtegia eraikiko dute. Gan den abenduaren 5ean, izadiaren babeserako kontseilu nazionalak bere baimena eman zuen hain famatu egin diren kakamarloak tokiz aldatzeko. Gogoratu, urtegia egin nahi den tokian mamu horiek bizi direla eta beraz lanak gibelatuak izan direla. Urtegiaren xedea da ura biltzea Urdazuri ibaia gainezka delarik eta beraz uholdeak saihestea. 1983an gaitzeko uholdeak gertatu ziren herrian. Dena den, urtegiak ez du dena konponduko Saratik datorren urak ezin izanen baititu bildu eta gelditu, eta beraz karrika alderat jausten segituko dute ur horiek. Orain dena prest da lanak hasteko dirua eskas baldin bada ere. 2000. urtean 6.860.205 euroko estimazioa egin zen. %25 estatuak pagatuko du, %30 Paueko Kontseilu Nagusiak, %25 Akitaniako Kontseiluak eta %20 Urdazuri aldeko sindikatak. Halere, 7 urte berantago, gastuak emendatu dira eta orain prezioa 9.837.543 eurokoa omen da. Aurrekonduaren %35 diruztatu behar da oraino lur erosteak eta kakamarloen tokiz aldatzeak gastua gehiago sortu baitute bertzeak bertze.

Abiadura handiko treina

Parise eta Madril abiada haundiko treinaren bidez lotzeko, baliteke ondoko urteetan linea berria eraiki behar izatea Lapurdin. Debatea abiatu da eta iduriz bigarren linea egin beharko da, oraingoa betea eta zaharregia omen baita. Linea berri batek aldaketa ainitz ekarriko luke gure eskualdeari, bereziki Uztaritze eta Senpereko oihanaren aldean. Linea berria lur azpitik pasatzea proposatu du Urruñako ingeniari ohi batek. Bere ustez, hegoaldean euskal treinbide berria tunelen bidez eginen den bezala ibilbidearen %60an, Lapurdin ere posible da hori egitea lur azpia biziki guria baita. Inguramena ahal bezain ongi errespetatzeko, treinbide berria lur azpitik egitearen alde agertu da ere herriko etxea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun