Irungo Meaka auzoko Ola sagardotegiak heldu den igandean, urtarrilak 21, irekiko du denboraldia. Ohi bezala pertsona ezagun batek izanen du lehen txotxa egiteko ohorea. Aurten, hainbat aldiz omendua izan den Miel Mindegia Ezkurrakoa izanen da. Eguerdiko 14:00ak aldera lehen kupela ireki ondotik aurreskua dantzatuko zaio eta hortik aitzinera bestaren txanda izanen da. Giroa animatzeko Amets Arzallus eta Angel Mari Peñagarrikano bertsolariak arituko dira, eta urtero bezala kantatzeko eta dantzatzeko paradarik ez da faltako. Sagardotegian bazkaltzeko 250 toki ditu beraz nahi dutenek apuntatu daitezke bertara deituz 943 623 130 telefono zenbakira.
Meakan urtero 65.000 eta 75.000 litro sagardo inguru egiten dituzte 6 hektareatan landatuta dauden 1100 zuhaitzak aprobetxatuz. Mozoloak, Batxuloa, Txorisagarra, Goikoetxea, Urtebia, Errezila, Udaremarroia eta Oriosagarra dira erabiltzen dituzten sagar motak. Azken urte hauetan eskuratutako sariak hor ditugu frogatzeko Ola sagardo ona egiten dela. Gipuzkoako diputazioak antolatzen duen, botileko sagardoaren txapelketan, duela bi urte Iñaki Bengoetxeak, etxeko nagusiak, laugarren saria lortu zuen, eta joan den urtean hirugarrena Adunako Zabala Sagardotegia eta Hernaniko Olaizolatarren sagardotegiaren ondotik.