620 lagun langabeturekin akautu zen urtea

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 17a

Langabeziak goiti egin du eskualdean 2006. urteko azken bi hilabetetan. %10,40koa izan da gorakada eta langabetuak orotara 620 dira.

Urte osoko estatistika eginez, garbi geratzen da langabeziak bi norabide izaten dituela: bata maiatza eta urri artekoa, eta honetan langabetuen kopuruak behiti egiten du turismo eta zerbitzuei esker, eta bertzea, azarotik apirilera, non garbi ikusten den lan gutxiago dagoela, langabeziak goiti eginez.

Behin turismo kanpaina akituta, azaroan langabetuen kopuruak 48 lagunetan goiti egin zuen, eta hala, 561 langabetik 609ra pasatu zen. Baina kontua ez da hortan geratzen, izan ere, abenduan bertze 11 pertsonek izena eman baitzuten Doneztebeko Enplegu bulegoan eta 609tik 620ra pasa da. 251 gizon lanik gabe daude eta 369 emakume.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun