Erreka elkarteko kideek kirol eginez akitu zuten urtea

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 17a

Errekako mendizaleek Mendaur kaxkoan agurtu zuten 2006. urtea. Aurten ere hainbat ateraldi eginen dituzte. Utzitako argazkiak

Mendaurrera igoz eta San Silbestre lasterketan parte hartuz

Doneztebeko Erreka Kirol Elkarteak abenduaren 31n bi ekitaldi antolatu zituen urtea kirola egiten bukatzeko eta lortu zuen, bietan partizipazio maila izugarria izan zelako.

Goizeko 7:30etan hitzordua mendizaleek zuten, eta ohitura den bezala Mendaur mendira egin zuten igoera. 60 pertsona inguru bildu zen eta urte zaharrari agurra eta berriari ongietorria behar bezala eman zioten tontorrean.

I. San Silbestre lasterketa arrakastatsua

Arratsaldeko 6etan, lasterketarako tartea izan zen, Doneztebeko I.San Silbestrea burutu baitzen. Parte hartzea, aurreikuspen guztiak hautsiz, 75 korrikalariena izan zen. Maila hagitz ona izan bazen ere, gehien nabarmendu behar dena da Doneztebeko dozenaka gazte eta ez hain gazte parte hartu zutela. Ibilbide guztia herriko Alde Zaharrean izan zen eta giro izugarria izan zen jendearen artean. Aurtengo arrakasta ikusirik zita hau urterokoa bihurtzea dute burutan antolatzaileek.

Sailkapenei dagokienez, gizonezkoetan Patxi Irazoki igantziarra nagusitu zen, 12 minutu eta 57 segunduko denborarekin. Bigarren, Iñigo Lasaga etxalartarra izan zen, 13 minutu eta 5 segunduko denborarekin eta hirugarren Angel Garate iruritarra, 13 minutu eta 7 segunduko denborarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun