Elgorriaga eta Zubietaren artean moldatu beharra den Uraren Bidearen finantziaziorako hitzarmena onartu du Nafarroako Gobernuak. Hori dela eta, 94.000 euroko dirulaguntza ordainduko du, aurrekontuaren %64a. Uraren Bidea berrituz, Zubieta, Ituren eta Elgorriagako udalek turismorako dituzten azpiegiturak aberastu nahi dituzte, eta bidenabar, lotura sortu Doneztebe eta Bertizaranarekin.
kin. Duela gutti Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatu zuen Doneztebe eta Bertizaranako udalekin herrialdeko Mendialdea Sustatzeko Planaren barnean. Bertan Bertizarana eta Elgorriagaren arteko oinezko bidearen moldatzea 63.000 eurorekin diruz laguntzea adostu zen. Azken hitzarmen honek Bertiztik Zubieta arteko 15 kilometroen azken zatia finantzatzea du helburu. Bidasoa, Ezkurra ibaiak eta oro har ura erdigune hartuz, eskualde horretan diren baliabideak agerian eman nahi dira.
Zubietako errotatik abiatuta
Bide horretatik, gaur egun museo bihurtu den Zubietako errotatik abiatuz eta beheiti aldera segituz, Malerrekak dituen ikuspegi ezberdinak ikus daitezke, bai paisaien aldetik, bai ekonomiaren aldetik, zerrategi eta abeltxe baten ondoan pasatuz.
Iturenen, inauterietan joaldunek egiten duten ibilbideaz gozatzeaz gain, lehengo ikuspegiak ikus daitezke.
Elgorriagara ailegatzean berritzen ari diren bainuetxearekin osasunerako uraren onurak ikusi eta gozatzen ahalko dira. Gisa berean, Elgorriagako errotan egin beharra den urari buruzko ezagutze zentroa lotuko ditu bide berriak.
Azkenean Doneztebera segituz erreka bazterreko proiektuak lotura eginen du Bertizaranako bertze azpiegitura turistikoekin eta Bertizko jaurerriarekin.