Dagoeneko hasia da 2. mailako eskuz binakako txapelketa

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 17a

Aspe enpresan gure eskualdeko hiru pilotari arituko dira, Baleztena, Larralde eta Apezetxea

Bigarren mailako eskuz binakako txapelketa dagoeneko hasia da Asergarce enpresan eta Aspen heldu den asteburuan hasiko da. Txapelketaren hasiera ligaxka moduan eginen da bi enpresetan. Asegarcen lehen lauek final-erdiak jokatuko dituzte, ondotik finalerdiak eta bukatzeko finala. Aspen berriz final-laurdenik ez da izanen, ligaxkako lehen biak zuzenean finalerdietara sailkatuko dira, eta irabazleek enpresako finala jokatuko dute. Txapelketari bukaera emateko enpresako irabazleek bat bertzearen aurka arituko dira 2. mailako eskuz binakako txapela janzteko.

Aspe enpresan, gure eskualdeko hiru pilotarik arituko dira, Josu Baleztena Eratsungoa, Iñaki Larralde Lesakakoa eta Jon Apezetxea Goizuetakoa. Lehena Auxkinekin arituko da, bigarrena Arrutirekin eta azkena Zubietarekin. Bertze bi bikoteak, Uriarte eta Galarza VI., eta, Berasaluze IX. eta Urberuaga izanen dira. Asegarcen berriz hauexek izanen dira parte hartuko duten bikoteak, Arretxe II. eta Apraiz, Belloso eta Mendizabal II., Retegi II. eta Argote, Mendizabal eta Oteiza, eta, Diaz eta Urrizelki. Asegarce enpresan jokatutako lehen partiduetan, Arretxe II. eta Apraizek, Belloso eta Mendizal II.ri 22 eta 13 irabazi zieten, eta Menzibal eta Oteiza 22 eta 11 nagusitu ziren Diaz eta Urrizelkiren aurka. Asperi dagokionez lehen partidua igandean izanen da Bergaran, eta gure eskualdeko bi pilotari elkarren aurka arituko dira, Baleztena eta Auxkin, Apezetxea eta Zubietaren aurka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun