Ohitura den bezala, urte berriari musean eta partxisean eman diete hasiera Larraburua Jubilatu Elkartean. Urteko lehenbiziko egunean aurtengo Mus eta Partxis Txapelketako finalak jokatu zituzten. Bi hilabetez, igandetan, jokatu dute eta Urte Berri Egunean erabaki ziren irabazleen izenak, goizean musekoak, eta arratsaldean partxisekoak. Musean, Santiago Olasagasti eta Daniel Iparragirrek eraman zuten txapela. Azpitxapeldun, Pedro Telletxea eta Jabier Indaburu gelditu ziren. Hirugarren lekua Leontxio Arburua eta Jesus Ansalasentzat izan zen eta laugarrena Juan Maia eta Santiago Mikelestorenarentzat.
Partxisean berriz, Milagros Santesteban eta Maritxu Zubieta suertatu ziren irabazleak. Bigarren lekuan Anuntxi Agesta eta Mertxe Santesteban gelditu ziren eta hirugarren postua Enkarna Iparragirre eta Mari Cruz Anduezarentat izan zen.
Urteroko ohiturari segituz, irabazleei txapelak eta trofeoak eman zizkieten Errege Egunean Larraburuan. Goizeko mezaren ondotik egin zen ekitaldia eta irabazle guztiak egon ziren. Hurrengo igandean, urtarrilak 14, bazkari ederraren bueltan bildu ziren partehartzaileak eta hainbat gonbidatu, 40 bat lagun guztira.