Nafarroako Haur Kantari txapelketa otsailaren 23an hasiko da Donezteben

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 15a

Lau kanporaketa saioen ondotik, Haur Kantari txapelketaren finala martxoaren 24an izanen da Iruñeko Gaiarre antzokian. TTIPI TTAPA

Euskal Kantuzaleen Elkarteak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamenduko Euskara Zerbitzuak, Nafarroako Haur kantari txapelketaren bertze edizio bat antolatu dute. Nafarroako gazteei euskal kantugintzaren aberastasuna ezagutarazi eta euskaraz kantatzeko zaletasuna sustatzea du helburu aipatu txapelketak.

Txapelketaren barrenean lau kanporaketa eginen dira: lehenbizikoa otsailaren 23an izanen da Doneztebeko Bordatxo dantzalekuan. Martxoaren 2an, Lizarrako Gomen zineman, martxoaren 9an Tuterako Versalles aretoan eta martxoaren 17an Uharte-Iruñeko Ugamudia kiroldegian eginen dira gainerako kanporaketak. Final haundia, azken urteetan bezala, Iruñeko Gaiarre antzokian burutuko da martxoaren 24ean.

Txapelketa bi kategoriatan banatuko da. Batetik txikiak, 1991 eta 1995 urteen artean sortutakoak eta bertzetik gaztetxoak, 1987tik 1990a bitartean jaiotakoak. Beraz, lehiaketa Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hau eta gazte guziei zabalik dago. Bakarka, bikoteka edo taldeka parte hartzen ahal da eta, noski, euskaraz kantatu behar da. Ikastetxe bakoitzak gehienez ere lau ordezkari aurkezten ahal ditu, kategoria bakoitzeko bi.

Izen emateko epea otsailaren 15a arte zabalik dago. Horretarako 948 141812 telefonora deitu behar da. Kantuaren hitza eta partitura igortzeko, internet bidez euskokultur@terra.es helbidera edo ohiko posta bidez Euskal Kantuzaleen Elkartera; Descalzos Kalea, 50; 31001 Iruñea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun