HIPERAKTIBIDADEA

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 15a

Utzitako argazkiak

Ezin konzentratzea, atentziorik ez jartzea eta bulkada psikologikoak (inpultsoak) ez kontrolatzea, pertsonak, batez ere haurrak, hiperaktibitatea duela adieraz dezake. Eritasun hau diagnostikatzen denean ezin izaten da atentzio eskasi hori sendatu, baina tratamendu egokia eramanez hiperkatibidadea gaztaroan desagertaraz daiteke. Bertze pertsona batzuetan heldutasunean ere eritasuna garatzen joan daiteke. Egun osoan ekintza aunitzetan parte hartzen duen haurra dela uste dute aunitzek hiperaktibo hitza entzuten dutenean. Musika, kirola, hizkuntzak... badira aktibitate aunitz egiten dituztenak, baina era berean, hiperaktiboak ez direnak. Eritasun hau dutenek eskolan adi egoteko arazo handiak izaten dituzte. Hainbertzek ez dituzte horregatik ikasturteak gainditzen. Gaitz neurologikoa da hiperaktibidadea eta psikologo batek kontrolatu behar du. Jarrera eta portaera kontrolatzeko arazoak dituzte, batzuk agresibitatea gara dezakete. «Gehienentzako ez dago tokirik gure gizartean, desberdinak sortu dira eta gizartea ez dago ulertzeko prestatua» dio Maria Jesus Torres Nafarroako Hiperaktiboen Elkarteko presidenteak. Mahaian daudenean aunitz nabari dira hiperaktibo baten sintomak, ez baitira geldirik egoten ahal. Mª Jesusen ustetan “pediatrak test batzuen bidez jakin beharko luke hiperaktibidadea diagnostikatzen, halere osasun alorrean ere hutsune nabariak daude. Diagnostikoa egin ondotik psikologo batek jarraipena egin beharko lioke eta hezkuntzan laguntza berezia eman beharko zitzaion. Guztion artean egin beharreko lana da, gurasoak barne”. Hiperaktibo batek bizi arrunta eraman dezake, dena den batzuk sendagaiak behar dituzte bizi osorako. Pertsona batzuk eritasuna onartzen dute baina bertzeak ez dute sinetsi nahi hiperaktiboak direla. Osasun eta Hezkuntzan eritasunaren espezialista gehiago behar dira. Hiperaktiboen elkarteak bolondresak ere eskatzen ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun