Hiperaktiboen elkarteak bere lana ezagutzera eman nahi du eskualdean

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 15a

Utzitako argazkiak

Atentzio eskasiak sorturiko arazoak (TDAk) hiru ataletan banatzen dira: atentzio eskasi larria, ezinegona eta bultzadak. Haur batek honelako sintoma nabariak dituenean hiperaktiboa dela erran ohi da. Eritasun ezezagun honi aurre egiteko ADHI elkartea sortu zen 1999an Nafarroan. Mª Jesus Torres elizondarra da elkarteko presidentea, bere lana gurasoei laguntzea da. Ez omen dago TDAn aditurik, eta familiek ez dakite nora jo. Eskualdeko bi familia daude elkartean, eta honen bitartez gehiagorengana ailegatu nahi dute.

Nafarroako Atentzio Eskasiaren Gaineko Tratamendu eta Ikerketarako Elkartea (ADHI) 1998ko ekainaren 13an sortu eta 1999ko urtarrilean legalizatu zen. Osasun eta hezkuntza arloan zeuden beharrak ikusita ama talde batek, elkartea sortzea erabaki zuen. Hezkuntza Berezian, hiperaktibidadea kontuan hartzea lortu dute ADHI elkartean. Hiperaktibidadea ez da eritasun berria. Betidanik esistitu bada ere, guttik erabaki dute eritasun hau aztertzea. Arazoa berriki areagotu zen. «Lehen, eskolan 14 urteak bitarte egon behar zen, eta nahiz eta titulua ez lortu, lana bazen nonahi, denendako. Gaur egun gizartearen eskaerak handitu dira izugarri eta lanpostu guziendako tituloak behar dituzu. Bertzalde, 16 urteak bitarte eskolan egon beharra izugarri luzea egiten zaie haur hiperaktiboei» dio Maria Jesus Torres elizondarrak, ADHIko presidenteak.

Elkartearen sorrera.

Mª Jesusek elkartea nola sortu zuten azaldu digu: «Ni arras gaizki nintzen, nire alaba ez zuten inon ulertzen, hamar urte pasatu zirenean profesional bat ezagutu nuen, Daniel Montoya psikologoa. Etxean, gizartean, eskolan gauzak aldatzen zirela ikusita pentsatu nuen gainotzeko gurasoek jakin behar zutela, eritasuna zuen haurra hobe zitekeela. Egunkarian iragarki bat jarri nuen, eta sei familiek erantzun zuten. Gauzak arras argi izan genituenean eta elkar ezagutu genuenean Elkartea sortu genuen». Gaur egun 74 familia daude elkartean. Bertan gurasoez arduratzen dira batez ere. Haur desberdin bat dutela onartzen laguntzen diete, haurra ulertzen erakusten diete gurasoei. «Aurretik izan dituzun seme-alabei emandako hezkuntzak ez dizu ezertarako balio seme hiperaktiboarekin. Desafiatzen dizute beti, harro xamarrak dira, aurre egiten dizute noiznahi, baina hori defenditzeko modua dute. Ikasten duzunean erantzun horiek defenditzeko direla, eta ez hala nahi dutelako, bide egokitik zoaz» uste du ADHIko presidenteak. Haurrak ere, eurek egiten dutenaz berandu konturatzen dira, egin ondotik gehienetan. Blokeatzen dira maiz eta aktibidadez aldatu behar diete etengabe.

Gurasoen eskola

Bi talde misto dituzte ikastaroak egiten, honekin batera gizonezkoak bakarrik dauden taldea egiten lehenengo elkartea izan da. Emaitza onak izan dituzte aitekin, hamabi gizon daude taldean eta beraiek diotenez semea bertze modu batez ikusten dute eskolan daudenetik. Aldi berean, familiei laguntza ematen diete, «gurasoak batzutan bere buruaz beste egitea pentsatzen dute, eta guk ahalik eta laguntzarik handiena eman beha

Formakuntza eskasia

Nafarroan hiperaktibidadea tratatzen dakien psikiatra bakarra dago. Hezkuntzan ere alorreko profesionalik ez dago. Orientatzaile eta irakasle aunitzek deitzen dute elkartera aholkua eskatuz. Errekurtso Zentroan aurten bi ikastaro egiten ari dira, Lehen Hezkuntzan. Irakasleentzat arras zaila da ere, haur hiperaktiboak aunitz molestatzen dutelako. Ikerketen arabera, haurren %5 hiperaktiboak dira. Eskualdean bi familia daude elkartean sartuak, eta gehiago ere badirela badakite.

Hori dela eta, familia hauei Elkartea ezagutzeko deialdia egiten diete, behar izanez gero, Hiperaktiboen Elkartetik laguntza jasotzeko (Maria Jesus Torres 948 581 828). Begirale euskaldunak udalekuetarako, eta alorreko profesionalak (psikologo eta psikiatrak) behar dituzte elkarteko ekintzetan parte hartzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun