Bertiz Partzuergo Turistikoak aitzinera segitzen du

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 15a

Azkenean 6 dira partzuergotik atera diren herriak, Lesaka, Bera, Sunbilla, Doneztebe, Elgorriaga eta Donamaria

Udal batzuk utzi badute ere Bertiz Partzuergo Turistikoko batzarrak aitzinera segitzea erabaki du aho batez. Jakinarazi dutenez, partzuergoak langile bat hartuko du, zuzendari, kudeatzaile eta animatzaile lanak beteko dituenak. Bidenabar hainbat sailetan banatuko den, eta proiektu konkretuetan bermatuko den, funtzionatzeko manera berria estreinatuko dute hemendik aitzinera.

Hala ere erakundearen esparrua nabarmen murriztuko da 6 herri aterako baitira. Bera, Lesaka, Donamaria eta Elgorriaga idatziz jakinarazi zuten, eta Doneztebe eta Sunbillak batzarra aprobetxatu zuten haien asmoaren berri emateko. Elgorriagako ordezkariak zioenez, momentuz partzuergotik ateratzea erabaki dute baina erakundearen funtzionamendua hobetzen bada berriz sartzea hausnartuko lukete.

Segitzeko erabakia hartu eta, partzuergoko presidenteak, Andres Etxenikek jakinarazi zuen hemendik hilabete baten buruan bertze batzar bat eginen dutela. Orduan proiektu eta idei berriak aztertuko dituzte. Eskualdeko proiektu orokorrak eramateaz gain, proiektu partikularrak dituzten elkarteekin lan egiten segitu nahi dute.

Langileei dagokionez, dinamizatzailea den pertsona hartu nahi dute. Momentuz nahikoa iruditzen zaie Etxenikek adierazi duenez. Partzuergoarentzat, 6 herrien hauen ateratzeak ez du arazo ekonomikoa sortzen baizik eta teknikoa. Gaur egun erakundearen ekonomia orekatua dago baina hemendik aitzinera partzuergotik at gelditutako herrietan diren kide pribatuen arazoa konpondu beharko dute. Bestalde Bidasoa bide berdearen proiektua zintzilik geldi daiteke atera diren 4 herritan barna pasatzen baita.

Ekonomia ikuspegitik ere izanen du hala ere eragina. Diru sarreren aldetik aitzineko urteetan baino 20 800 euro guttiago eskuratuko ditu. Hori dela eta, egoera berriari moldatu beharko dute eramen dituzten proiektuetan, hala nola esku-paperak, mapak eta iragarikak egiterakoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun