Ezkurra eta San Miguel Faustinoko finalean

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 5a

Altuna Ia eta Urrutiak larunbatean izanen dute finalerako bigarren txartela lortzeko aukera

Ezkurra eta San Miguelek, Doneztebeko erremontelariak, Faustino Txapelketako finalerako txartela lortu dute ortzegunean Altuna II.a eta Eizagirreren aurka bigarren partidu irabaziz 40 eta 31. Lehen partidua erraz irabazi zuten 40 eta 25. Altunak ez zuen maila onik eman eta ederki aprobetxatu zuten. Bigarren partiduan aldiz, Amezketakoa ongi aritu zen, eta beraz, doneztebarrek uste baino lan gehiago egin behar izan zuten finalerako sailkatuko zituen garaipena lortzeko.

Partidu hasieran Altuna IIa eta Eizagirrek ezustekoa eman behar zutela zirudien. Gipuzkoarrak ongi hasi ziren eta norgehiagokaren hasiera haiena izan zen. Horren froga markagailuan 14-24 aitzinatzea lortu zutela. Hala ere, ikusiz partidua eskapatzen ari zitzaiela Nafarrek jokatzeko modua aldatu zuten. San Miguel Zabaletik sakatzen hasi zen Altuna ahal bezain bat saihesteko. Aldaketa ederki atera zitzaien, eta laster markagailuan berdindu zuten 24na. Orduan, bost bat tantoz parekatuak egon ziren bi bikoteak, baina hortik aitzinera, eta oro har partiduaren bukaera, guztiz Doneztebarren alde izan zen. Azkenean 9 eta 1eko partziala lortu ondotik 40 eta 31 nagusitu ziren kostata bazen ere.

Finala arte 8 egun izanen dute lasaitzeko, han artean, bigarren txartela lortzeko lehiatuko dira Zeberio eta Ion, eta, Altuna I.a eta Urrutia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun