Dirulaguntzak udaletako zerbitzuak hobetzeko

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 4a

Baztan eta Lesaka dira diru gehien jasoko dituzten eskualdeko udalak

Nafarroako Gobernuko Tokiko Administrazioko sailak 500.000 euroko dirulaguntza onartu du, alde batetik udaletako zerbitzuen kalitatea eta kudeaketa, eta bertzetik, informazio eta komunikaziorako teknologiak hobetzeko. Bi esparru hauetan eskualdeko hainbat herri jasoko dituzte dirulaguntzak.

Zerbitzuen kalitatea eta kudeaketari dagokionez, Baztan eta Lesakako udalak dira dirulaguntzak izanen dituztenak. Lehenak, 5.000 euro eskuratuko ditu egoeraren azterketa eta diagnostikoa egiteko proiekturako, bertze 700 euro ezagutzaren kudeaketa, gaitasunen kudeaketa, lan giroa, lan karga eta lanpostuen azterketa eta balorazioa egiteko, eta azkenik 5.500 euro erakundearen hausnarketa estrategikoa egiteko. Bigarrenak, Lesakako udaletxeak, 6.300 euro jasoko ditu herritarren arretarako sistema berri batzuen martxan jartzeko.

Informazio eta komunikaziorako teknologiak hobetzeko Lesakako udala izanen da eskualdean dirulaguntza gehien eskuratuko duen herria. Zerbitzuen informatizazioa hobetzeko 12.600 euro jasoko ditu. Berako Udalak ere dirulaguntza kopuru ederra lortuko du. Guztira aurreikusi dituen lau proiektu diruz lagunduko dira, horietariko 3 internet zerbitzua egokitzeko izanen dira eta 7.000 eurorekin lagunduko dira. Laugarrena, Kultur Etxea 012 telefono zenbakira lotzeko, bertze 5.000 eurorekin lagunduko da. Esparru horretan ere Baztango udalak 2.000 euroko dirulaguntza izanen du web orria hobetzeko. Beti interneteko zerbitzuekin lotua Arantzako Udalak 2.100 euroko laguntza eskuratuko du internet bitarteko datu bilketarako proiektua aitzinera eramateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun