Kabalgatek Eguberriei bukaera emanen die

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 4a

Eskualdeko hainbat herritan hiru erregeen bisita izanen dute

Ortziralean, Eguberriei bukaera emateko kabalgatak eginen dira eskualdeko hainbat herrietan, tartean, Arantza, Lesakan, Sunbillan eta Beran.

Arantzan, erregeen egunaren bezperan, 8ak aldera, herriko karriketan barna ibili ondotik Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeak Elizan bilduko dira opariak banatzeko.

Lesakan, kultur eragile ezberdinek antolatzen dute Kabalgata, hala nola, Tantirumairu ikastola, Irain Eskolako Guraso Elkarteak, txistu eta trikitilari taldeak, abesbatza eta musika banda bertzeak bertze. Hauek Arantzan baino goizago hasiko dira. Arratsaldeko 17:00etan, Plaza Zaharrean erregeei zuzendutako eskutitzak bilduko ditu postariak. Ordu bat beranduago hiru erregeek musika banda, trikitixa eta txistuen doinuak lagun izanen dituztelarik herriko karriketan barna ibiliko dira. Ibilbidea Andre Mari zahar-etxea bisitatuz hasiko dute. 19:00etan, pilota lekuan egonen den Jaiotzara hurbilduko dira eta haurrek harrera egin ondotik ekarriko dituzten oparien banatzeari ekinen diote.

Sunbillan ere, arratsaldeko mezaren ondotik ailegatuko dira eta hitz-ordua eliza atarian izanen dute hurbilduko diren haur guziei opariak banatzeko. Jaiotza ere bertan egonen da eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, artzaitxoak ongi etorriak izanen dira jaiotza ahal bezain eder jartzeko.

Beran Kabalgata Altzateko plazatik Herriko Etxeko plazara eginen dute 18:30ean abiatuz. Baina, lehenik, 15:30etik aitzinera errege magoen laguntzaileak herriko karriketan ibiliko dira eskutitzak biltzeko. Jaiotza Eztegara pilotalekuan egonen da baina Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeek opariak kabalgata bukatutakoan banatuko dituzte opariak, erran nahi du Herriko Etxearen atarian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun