Olasagastiren kontrako apostua maisuki irabazi zuen Mindegiak

Aitor AROTZENA 2007ko urtarrilaren 4a

Hogei 60 ontzakotara munduko edozein aizkolariri desafioa bota zion desafioa, baina min hartu eta bertan behera gelditu da momentuz. TTIPI TTAPA

Oraingoz ez du beste aposturik jokatuko, min hartu baitu Ezkurrakoak

Miel Mindegiak, 57 urterekin, garaipenak pilatzen segitzen du. Abenduaren 17an Tolosako zezen-plazan Joxemari Olasagastirekin jokatutako desafioa maisuki irabazi zuen. Ikusmina ikaragarria izan zen eta inork uste baino jende gehiago elkartu zen apostua ikustera, ia 3.000 zale bildu baitziren harmailetan. Aizkolari bakoitzak 24 kana-erdiko moztu behar izan zituen, eta enborrak erdi bana plazaratu zituzten. Apezetxea eta Telletxea izan ziren Mindegiaren laguntzaileak, eta Etxebeste eta Peñagarikano Olasagastirenak. Alde bakoitzak 18.000 euro jokatu zituen dirutan. Olasagastik bizi-bizi ekin zion apustuari, bere helburua Mindegia gibelean uztea baitzen, eta aitzinetik izan zen lehen hamar enborretan. Hala ere, ez zuen alderik ateratzea lortzen: Ezkurrakoa 6-7 segundora izan zuen, beti gainean.

Aizkolarien erritmoa, gainera, hagitz ona izan zen, lehen zatian bi minututik behera ibili baitziren. Hamargarren enborrean, bi segundo ateratzen zizkion Igeldokoak Ezkurrakoari, baina hortxe akautu zen apustua, bigarren zatian Miel Mindegia erabat nagusitu baitzen.

Hurrengo enborrean nafarra 7 segundu aitzineratu zen eta pixkanaka aldea gehitzen joan zen. Lan erdietan, minutu erdiko aldea ateratzen zion Mindegiak Olasagastiri, eta apustuak erabakita ote zegoen itxura hartu zuen, eta halaxe izan zen. Ezkurrako aizkolari beteranoak bere lanean segitu zuen, eta aldea gehitzen joan zen. Bukaeran, garaipen handia Mindegiarentzat, lan ederra eginda. Olasagastik berak ere ez zuen lan txarra egin, baina ezin izan zen gailendu.

Bukaeran, kiroltasuna izan zen nagusi, eta Olasagastik bere lanak akautu zituenean, Mindegiarengana gerturatu, bostekoa eman eta denen aurrean zoriondu zuen, jendearen txalo artean.

Apostu mundiala

Miel Mindegiak gustora hartu zuen garaipena, eta animoak eman zizkieon nonbait, bazkaldu ondotik, apusturako deia egin baitzuen berriro.

Hogei 60 ontzakotara munduko edozein aizkolariri bota zion erronka, eta joan den abenduaren 22an Tolosako Kantabriko tabernan egin zuen hitzordua. Donato Larretxea eta Mindegia agertu ziren hitzordura, baina honek besoa lotua zeukan, min hartu zuelako baserrian lanean zebilela. Beraz, momentuz ez da aposturik izanen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun