Malerrekako ipuin eta bertso-paper lehiaketako sariak banatu ziren

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 4a

Malerrekako Haur eta Gaztetxoentzako VIII. Bertso-paper eta Ipuin lehiaketaren sari banaketa egin zen Doneztebeko eskolan abenduaren 20an.

90 ikaslek egindako 55 ipuin eta 60 bertso aurkeztu ziren lehiaketara. Bi mailatan banatu zituzten, alde batetik Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako haurren lanak eta bertze aldetik 5. eta 6. mailakoenak. Ipuinen sailean, gazteenen artean, lehen saria Sunbillako Unai Bereauentzat izan zen “Urrezko arrauntzadun oiloa” izeneko lanari esker. Bigarren saria ere sunbildar batentzat izan zen. Eneko Herrerak eskuratu zuen “Moritz baserrian” idazlanarekin. Helduagoenen mailan Doneztebeko Tamara Descalzo nagusitu zen “Eskailera” izenburuko lanarekin. Eratsungo Irantzu Mitxelena bigarren saria lortu zuen “Etxe misteriotsua” ipuinari esker. Bertso-paper lehiaketan, Iturengo haurrak izan ziren jaun eta jabe. Banatu ziren lau sarien artean lauak eskuratu zituzten. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. urtekoen mailan, Aritz Fagoagak irabazi zuen, Kultur Egunei buruz egindako bertsoekin. Bigarren saria Javier Seinek eskuratu zuen Eguberriei buruz idatzitako bertsoei esker. 5. eta 6. urtekoen mailan lehen saria Izaro Ariztegiri eman zieten Inauteriei buruz egindako bertsoentzat, bigarrena berriz Garbiñe Olazari bestei buruz jarritako bertsoentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun