Asegarce eta Aspe enpresek Binakako Txapelketan parte hartuko duten bikoteak aurkeztu zituzten astearte eguerdian Bilbon. Iazkoari konparatuz aldaketa bakarra izan da. Iñigo Leiza Kokaren ordez arituko da. Ez usteko handiena berriz Abel Barriola, 4 1/2ko txapeldun ordearen baztertzea izan da. Gure eskualdeko pilotariei dagokionez 4 izanen dira, eta horietariko bik elkarrekin arituko dira Otxandorena eta Olaizola IIa. Asier Olaizola Ruben Belokirekin arituko da eta Oinatz Bengoetxea Patxi Ruizekin. Bertze bost bikoteak osatuko dituzte, Leiza eta Zearra, Irujo eta Goñi III, Gonzalez eta Paxkual, Titin IIIa eta Lasa IIIa, eta Xala eta Eulatek. Hasiera batean Aimar Olaizola eta Xala kolpatuak direlako Koka eta Chafee arituko dira hurrenez hurren, baina pentsa daiteke ligaxkako hirugarren partidurako Goizuetakoa eta Lekornekoa osatuko direla.
Aipatu bezala, aurkezpeneko ez usteko handiena Abel Barriola ez hautatzea izan da. Enpresak aitzakia teknikoa aipatu du, eta gerenteak atzelarien hautaketan sendotasunaren alde egin dutela adierazi du. Oroitarazi behar da Leitzarrak Asperekin duen kontratua heldu den otsailean bukatuko dela. Hala ere, 4 1/2ko txapeldun ordeak erran duenez, berri txarra jakin duenean kolpe gogorra izan da.
Txapelketa heldu den asteburuan hasiko da Tolosan jokatuko den Olaizola I.a eta Beloki, eta, Gonzalez eta Paxkualen arteko partiduarekin. Finala berriz martxoaren 18an edo 25ean jokatuko da zehaztekoa dagoen frontoian. Joan den urteko eredua segituz, lehen faseko ligaxkan, bikote bakoitzak bertze enpresako lau bikoteen aurka arituko da. Emaitzen arabera sailkapena eginen da. Orduan final laurdenetan enpresa bateko lehena bertze enpresaren laugarrenaren auka arituko da eta bigarrena hirugarrenaren aurka. Bi partidu irabazten dituen bikoteek lortuko dituzte finalerdietako txartela. Jokatzeko moduan aurtengo berrikuntza nagusia finalerdia ligaxka moduan eginen direla izan da. Ikusi ahal izan den bezala, neurri hori ez da pilotarien gustukoa izan. Hain zuzen ere finala jokatuko dutenek 10 edo 11 partidu jokatu beharko dituztelako.
Aurkezpenean egindako adierazpenetan pilotari gehienen ustez Juan Martinez de Irujo eta Fernando Goñi osatzen duten bikotea izanen da aurtengo faboritoa.