2006an eskualdeko biztanleriaren gorakada ez da hain adierazgarria izan

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 3a

Biztanleriaren arabera Arantzak izan du garapenik handiena

Urte batez Ttipi Ttapak hartzen duen eskualdearen biztanleria gutti aldatu da. 2005. urtearen bukaeran 26.350 ginen eta urte bat beranduago 50 lagun gehiago, hala nola 26.400. Horrek erran nahi du %0,2an emendatu dela.

Hala ere, ohar gaitezke, biztanleriaren gorabeherak ez direla berdin izan herri guzietan. Eskualdeak dituen 25 herrien artean 16 dira herritarrak galdu dituztenak, Arano, Beintza-Labaien, Bertizarana, Doneztebe, Eratsun, Ezkurra, Etxalar, Goizueta, Igantzi, Leitza, Saldias, Sunbilla, Urdazubi, Urroz, Zubieta eta Zugarramurdi. Leitza da biztanle gehien galdu dituen herriak, duela urte bat 2953 lagun bizi ziren udalerrian, eta gaur egun 58 guttiago dira, 2895. Aitzineko urteko biztanleriaren arabera berriz, Zugarramurdi da gehien ttikitu dena, 10 lagun galdu ditu %4,3. Ondotik heldu dira, Beintza-Labaien, Ezkurra eta Eratsun %3,5 inguruko beherakadarekin.

Bestalde, biztanleria garatu da eskualdeko 8 herrietan, hau da Arantza, Areso, Baztan, Bera, Elgorriaga, Ituren, Lesaka eta Oitzen. Kopuruei dagokionez, Bera eta Lesaka dira gehien emendatu direnak. Lehenak 61 lagun irabazi ditu eta bigarrenak 56. Ehunekoaren arabera gehien garatu den herria, Bortzirietako bertze herri bat dugu, Arantza hain zuzen ere. Urte batez hunen biztanleriak %5,1ean gora egin du. Horiek horrela, 32 lagun gehiago ditu herriak.

Herri bakarra da mugitu ez dena, hau da, Donamaria. Urtea 414 biztanlerekin hasi zuen eta berdin-berdin bukatu du. Baztanek segitzen du eskualdeko herri handiena izaten 7827 biztanlerekin. Ondotik, baina urrunetik Bera da, 3727 lagunekin. Eskualdeko 3. herri koxkorrena Leitza da baina Lesakarekin nahiko parekatuta datoz. Biek 2800 biztanle inguru dituzte. Alderantziz eskualdeko herri ttikiena Saldias dugu 120 herritarrekin.

Herrialde osoari erreparatuz, Nafarroako biztanleria %1,4an igo da, 8.400 lagun gehiago zenbatu dira 2006an. Foru Erkidegoko biztanleriak 600.000 biztanleko muga gainditu du joan den urtean. Mugimendu horiek gehien aprobetxatzen dituzten herriak Tutera eta Iruñea dira. Batzuen biztanleria gora egiten badu bertze batzuena behera egin du. Hau da Nafarroak dituen 272 udalerrien artean 132ren kasua, %36en kasua hain zuzen ere. Herri hauek Nafarroako Iparraldean kokatzen dira eta gehien bat Salatzar eta Erronkarin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun