Iruñeako bi lagunekin batera ekin dio Angel Marik rallyari, Pablo Rodrigez gidariarekin eta Ramon Hervás mekanikoarekin. Berak kopiloto lanak burutuko ditu. Hiru lagunak nafarrak dituen lehenbiziko taldea osatzen dute. Iribarrenek erran digunez, «Lisboatik abiatu eta Senegaleko hiriburura, Dakar-era, ailegatzea da gure helburua. Badakigu ez dela batere erraza, desertuan gidatzeak konplikazio nabariak baititu, baina ilusiorik ez zaigu falta». Urtarrilaren 21ean akabatuko den rallyan 15 etapa burutu beharko dituzte eta egun bakarra izanen dute atseden hartzeko, urtarrilaren 13a. Guztira 8.700 kilometro eginen dituzte, horietako 1.900 lasterketan.
Lasterketa zaila
Dakar rally ezaguna hasten duten ibilgailuen herenak bakarrik lortzen du helmugara ailegatzea, baina espero dugu Matxineren taldea izanen dela horietako bat. Hemendik zorterik onena opa diegu.