Omenaldi hunkigarria Felipe Ganboarentzat

Aitor AROTZENA 2007ko urt. 3a, 08:34

Inoiz baino lagun gehiago, 1.100 inguru elkartu ziren Felipe Ganboa omentzeko xedearekin. TTIPI TTAPA

Inoiz baino lagun gehiago bildu ziren urte bukaerako bazkarira

Arkupeak erretiratuen elkarteak urte bukaerako bazkaria egin zuen Doneztebeko kiroldegian abenduaren 16an. Aukera aprobetxatu zuten 20 urtez elkartearen presidente izan den Felipe Ganboa omentzeko eta inoiz baino lagun gehiago bildu ziren, orotara 1100 bat. Ohiturari eutsiz, besta eguna mezarekin hasi zuten. San Pedro eliza ttikiegia gelditu zen, eta bozgorailuak paratu behar izan zituzten kanpoan gelditu zirenentzat. Besta horren kari, Jesus Goldaraz Doneztebeko apezak homilia berezia prestatu zuen, elkartea itsasontzi baten bitartez irudikatu zuen, Jainkoa nagusia zen eta Felipe Ganboa berriz kapitaina. Tronpeta doinuak eta bertsoak ere entzun ahal izan ziren ordu bat iraun zuen ofizioan.

Hainbat opari Felipe Ganboarentzat

Meza bukatu eta ostatuetan trago bat edan ondotik, jendealdea kiroldegirantz abiatu zen. Bertan, bazkaldu baino lehen, omenaldia eskaini zioten 20 urte hauetan zuzendari lanak egin dituen Feliperi. Ordezkari politiko anitz bildu ziren tartean Ramon Etxebeste, herriko alkatea, Juan Cruz Alli, Fernando Puras eta Miguel Sanz Nafarroako presidentea, bertzeak bertze. Omenaldian hitza hartu zutenek, behin eta berriz goraipatu eta eskertu zituzten Felipe Ganboak egindako lanak. Opariak edo oroigarriak ere ez ziren eskas izan. Udalaren izenean Ramon Etxebestek paper zorro bat eskaini zion, Nafarroako Gobernuak berriz ordularia.

Dudik gabe opari ederrenak, Arkupeko kideek egindakoak izan ziren. Joxe Urroz eta Eusebio Maritorenak Felipek egindako lanak gogoaratzen zituen diskurtsoa eskani ondotik, zilarrezko hiru belauntzi irudikatzen zituen maketa eta makila eman zioten. Omenaldia bukatzeko txalo zaparraden artean txapela jantzi zioten. Hainbertze opari jaso ondotik elkarteko presidentea zutitu zen eta bildutako jende guzia eskertu. Beti bezala, bestara etorri ezin izan zuten lagun guziak gogoratu nahi izan zituen, tartean bere arreba. Ekitaldia burutua, bildutako 1.100 lagunak bazkaltzen hasi ziren. 17:30ak aldera bestarekin segitzeko bazterrak animatu zituen Jalisko Band taldeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun