Lehengo, oraingo eta betiko Baztani buruzko bi ikuspegi liburuan bilduak

Aitor AROTZENA 2007ko urtarrilaren 3a

Baztanen idatzi eta Baztango historia, ohitura eta pertsonaiei buruzko bi libururekin ongietorria eman diogu 2007. urteari. Lander Santamaria kazetariak, Juan Mari Ondikol argazkilariaren irudiekin “Las cuatro estaciones en el Valle de Baztan (y alrededores)” izenburupean Diario de Noticias egunkarian argitaratutako artikuluen bilduma egin du. Urtaroz urtaro eta hilabetez hilabete, Baztango ohitura zaharrak, pertsonaiak, egun seinalatuak eta bertze hainbat konturen berri eman du.

Pedro Mari Esarte Muniain historialari eta idazle ezagunak, berriz, “Como vivían los baztaneses en el siglo XVI” liburua argitaratu du. Izenburuak dioen bezala, XVI. mendeko baztandarren eguneroko bizimodua azaltzen du 400 orri baino gehiago dituen liburu mardulean. Lehengo, oraingo eta betiko Baztanen bi ikuspegi bildu dituzte liburuan, bakoitzak bere estilo berezian.

Lander Santamariak, azken bi urteetan, igandero igandero Diario de Noticias egunkarian Almanaque izenburupean argitaratutako artikulu gehienak bildu ditu. Egun zehatzei buruzko ohitura eta bestez gain (zerri hiltzea, San Anton, feriak…), bertze efemeride batzuk ere gogoratu ditu (Omayra Sanchezen heriotza, Hiroshiman erori zen bonba…) eta gure lurralde honetako kontu kuriosoak.

Santamariak egutegian oinarritutako errepasoa egin du, hilabetez hilabete, urtaroz urtaro. Lander Santamariaren ustez, «gure bizitzak, nahi baduzu edo ez baduzu, egutegien arabera eta batez ere, erlojuaren arabera, mugitzen dira. Horrela gabiltza hain estresatuak eta inora ezin ailegatuz. Baina, egia da, Bidasoaldea lurraren ziklora arras lotuta segitzen du, gure kultura eta tradiziora. Hori ongi dago eta luzaz izan dadila».

Halere, liburua, akitzen ari den lurralde eta denbora bati buruzkoa dela aipatu du Santamariak. «Garaiak aldatzen dira eta gu ere bai. Begibistakoa da, duela guti arte gure bizian garrantzi handia zuten gauzek, indarra galdu dutela gibelera bueltarik gabe. Horrek batzuri min egiten digu, modu batean gure nortasuna eta berezitasuna izan direnak, kanpoko gauzetatik bereizi gaituztenak galtzen baititugu».

Baserria, sinismenak, Baztan Balleko berezko instituzioak… krisian dauden erakundeak dira. «Duela mende laurden arte ezagutzen genuen baserria krisi larrian dago –dio Santamariak–, Baztanen bakarrik, 500 abeltzaintza esplotazio desagertu dira, errentagarritasun faltagatik eta mantenuak eskatzen zuen sakrifizioarengatik. Nekazariari berean lan egitea eskatzen ahal zaio, baina ezin zaio heroi bat izatera behartu». Lander Santamariaren idatziekin batera, Juan Mari Ondikolen argazkiak ere biltzen ditu liburuak. «Bien lanaren emaitza da, elkar ulertzen dugu, gauzak modu beretsuan ikusten ditugu eta hain gurea sentitzen dugun lurralde honekiko maitasuna konpartitzen dugu».

Oraingoan, gehien bat Baztanen inguruan aritu badira ere, Bidasoako Herrialde osoari buruzko lanen bat egitea gustatuko litzaioke Landerri. «Hori da garenaren esentzia eta izan behar dugunaren irtenbide eta soluzio bakarra. Hemen, galtza motzeko lokalismorako joera daukagu eta berriki ikusi da ez dugula eskualde sentimendurik. Horrelakoak gara».

Pedro Mari Esartek liburua Errege bezperan aurkeztuko du

Urtarrilaren 5ean, goizeko 11:30ean Arizkunenea Kultur Etxean eginen du bere liburuaren aurkezpena Pedro Mari Esartek. Nafarroa eta Euskal Herriari buruz ikertu eta hainbat liburu argitaratu ondotik, azken bi liburuetan, Bidasoa Ikerketa Zentroarekin Baztango ordenantzei buruz argitaratutakoan eta azken honetan, sorterriari begiratua eman dio Pedro Masi Esartek: «Niri beti gustatu zait herriko historia. Elizondoko alkate kargura ailegatu nintzenean, erreibindikazio aferengatik interesatu nintzen, Aldudeko afera… Erregeak Aldudeko jabetza nola lortu zuen jakiteko, mendien erreibindikazioa nola egin zen aztertu nuen. Baina behin kargua utzita eta lasaiagoa nengoenean, Nafarroako Artxiboa bisitatu nuen hogei urtez. Bi gai nagusi ukitu nituen: Prozesuak eta Notarioen Protokoloak. Baztani buruz ateratzen zen guzia eta Bidasoaldeko afera aunitz bildu nituen. Ez naiz orai nere sorterrira itzuli, Euskal Herria eta Nafarroako historiari buruz ikertu dudanean, herriko paperak ere topatu ditut. Inoiz ez dut herria utzi. Historia ez da kontatu digutena, gertatu zena baizik. XVI.protokoloei buruz 36 bat legajo daude, bakoitza 600 dokumenturekin eta banan bana aztertu ditut. Bertze historialari batzuk, aldiz, gainetik pasatu dira».

Liburua, orduko protagonistei eskaini die Esartek, okupatzen eta kolonizatzen zituzten tropak sufritu eta ordaindu behar izan zituzten baztandarrei. Ordura arteko beraien bizitza soziala, bere hizkuntza, kultura eta familiarekin ezin izan zutela egin ere aipatzen du idazle elizondarrak: «Godoak godoak ziren V. Mendean, erromatarrek zuten boterea eskuratu zutenean eta godoak ziren XVI. mendean, Nafarroa menperatu zutenean. Baztanen, soldadoek mugak zaintzearen truke, mugan hartzen zituzten ondasunen %50a beraientzat zen, aziendak, janariak… Kuatreroak ziren! Orain diren bezalaxe! Orain ere errenta aitorpena egiten dugunean, aitzinetik kendu digutena erreklamatu behar izaten dugu! Baina orai administrazioa bere zerbitzura dute. Kulturari dagokionez, garai horretan analfabetismoa ia osoa zen. Dokumentuek balioa izan dezaten, lurraldea dominatzen duenaren hizkuntzan idatzi behar dira, gazteleraz. Hori tragedia da! Eta hau horrela izanda, euskara oraindik bizirik mantentzea, hori miraria da!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun