«Kanturako ohitura bada Goizuetan eta koruak arrakasta izan du»

Aitor AROTZENA 2007ko urt. 3a, 08:28

Aitor AROTZENA

• Abenduaren 23an egin zuen aurkezpen ofiziala Goizuetako abesbatzak, jendez gainezka zegoen herriko elizan.

• 40 bat abeslari biltzen ditu koruak, Igaratza Apezetxearen zuzendaritzapean.

• Doneztebeko San Miguel ikastetxean musika irakaslea da Igaratza, 32 urteko goizuetarra. Ereñozuko Imanol Kamiorekin hasi zen pianoa ikasten eta Donostiako Kontserbatorioan segitu zituen ikasketak. Gradu Ertaina arte ikasi du, 8. mailara arte.

Nola joan zen herritarren aurrean Goizuetako Abesbatzak eskaini zuen aurkezpen emanaldia?

Azkeneko urteetan Goizuetan korurik izan ez denez, halako espektazio berezia sortu zen. Jendearen aldetik izugarrizko erantzuna izan zen. Hasieran beldurra genuen elizara inor ez zela agertuko, baina bete egin zen. Jendea ilusionatua zegoen, emozionatua, hunkigarria izan zen. Batzuk negarrez ere ikusi nituen. Koruak ere ongi kantatu zuen, kontuan hartu behar da denbora gutxi daramagula eta ostiraletan bakarrik entsaiatzen dugula. Jendaurrean kantatzeari beldur handia zioten, baina oso ongi kantatu zuten, primeran!

Aurretik izan al da abesbatzarik Goizuetan?

Elizan kantatzen zuen korua izan zen garai batean, nahiko ona. Gero, J.J Aizkorbe apezarekin ere ibili ziren. Baina duela 40 urte edo gehiago.

Geroztik halako tradiziorik ez da izan Goizuetan… Zaila al da orain 40-50 lagun biltzea kantatzeko?

Goizuetan beti izan da kantatzeko ohitura eta harritua gelditu naiz zenbat jende apuntatu den. Korua zuzentzeko musikaz dakien norbait behar da eta aurrena Imanol Kamiori galdetu zitzaion, Ereñozuko Ozenki abesbatzako zuzendariari. Hark ezin zuela eta niri esan zidaten, baina nik banituen nere dudak, ni ez bainaiz zuzendaria. Baina kantatzeko 51 lagun apuntatu ziren hasieran.

Noiz eta nola gogoratu zitzaizuen Goizuetan berriz ere abesbatza sortu zitekeela?

Kultur Taldeak proposatu zuen eta udan hasi ziren lanean. Horretarako zuzendaria behar zen. Imanol Kamiok asko lagundu gaitu eta eskerrak eman behar zaizkio, baita partaideei ere.

Lehenbiziko ekitaldia herrian egin duzue, baina baduzue kanpora ateratzeko intentziorik?
Momentuz errepertorioa finkatu behar dugu. Jende askoz elizako ospakizunetan kantatzea nahi du, hiletetan, ezkontzetan… Eta gero, trukeak ere egin nahi genituzke, hemendik ateratzeko. Guk herriren batean kantatu eta herri horretakoak Goizuetara etorri kantatzera. Baina lehenbizi errepertorioa egin behar dugu, lau kanta besterik ez ditugu. Ahotsak hobekiago kokatu behar ditugu eta horretarako Iruñean aritzen den emakume errusiar baten laguntza izanen dugu, seguruenik. Beraz, heldu den udara arte herrian arituko gara.

Inguruko abesbatzetan gizonezko gutxi izaten dira. Arazo hori duzue Goizuetakoan ere?
Momentuz 12-14 mutil daude eta ni gustora nago, kopuru polita da eta ahots onak dituzte. Gutxiago apuntatuko zirela uste nuen. Gazte jendea gutxiago animatu da, igual korua zerbait serioa bezala ikusten delako. 20tik 60 urte bitarteko jendea dugu, baina gehienak 40tik gorakoak dira. Hauek ez dute musika ikasketarik, baina belarri oso ona dute. Gazteek bai, musika ikasia dute. Gazte eta helduen arteko harreman onak egiten dira eta koruan ongi pasatzeko helburua dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun