Aitzineko urtean baino 10 heriotza guttiago N-121-A errepidean

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 2a

Hala ere Nafarroako errepide arriskutsuenetariko bat izaten segitzen du

Joan den astean, urtea bukatzeko 3 egun falta zirelarik, Nafarroako Gobernuak 2006ko errepideko istripuen balantzea egin zuen. Herri Lan eta Barne kontseilariak baikor agertu ziren. 2006. urteari agurtzeko asteburu bat falta zela, zenbakiak plazaratu zituzten.

Beti tristea bada ere, iaz, 55 heriotza zenbatu ziren Nafarroako errepideetan, aitzineko urtea baino 32 guttiago, %37 guutiago. N-121-Ari dagokionez, Iruñea eta Irunen artean, beherakada nabarmena izan zen. 2005ean 14 izan ziren ez-behar baten ondorioz hil zirenak, urte bat beranduago berriz 4. Lehena, otsailaren 1ean izan zen Arraitzen, bigarrena ekainaren 2an Donezteben, hirugarrena, urriaren 13an Ostizen eta azkena azaroaren 8an Sunbillan. Nafarroako Gobernuak aurkeztutako balantzean ez badu kontuan hartu ere, lau horiei Endarlatsako Zubitik beheiti joan eta hil zen kamioi gidariaren heriotza gehitu beharko litzateke. Dena den N-121-A errepideak Nafarroako errepide arriskutsuenetariko bat izaten segitzen du.

Nafarroako Gobernuaren arabera zenbaki hauek lortu dira, hartu dituzten neurriengatik hala nola kontrol eta radar gehiago eta puntukako karneta indarrean sartzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun