II. Martiko Erremonte Txapelketa Koteto Ezkurrarentzat

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 2a

Ikusgarria izan zen finalean Zeberio menean hartu zuen 31 eta 35

Koteto Ezkurrak eskuratu du frontoi laburrean jokatzen den buruz buruko Martiko erremonte txapelketa. Finala joan den larunbatean jokatu zuen, Labriten, Zeberio II.ren aurka, eta orekatua izan zen partiduan joan den urteko txapelduna menean hartu zuen 31 eta 35. Elduaiengoa ongi aritu zen baina Doneztebekoak egun ona zuen, eta horrelakoetan nehork ez du irabazten. Hala ere Zeberiok zailtasunak eman zizkion. Sakea ederki baliatuz ez zion Kotetori aldea hartzen utzi. 23. tantora berdinduta ailegatu ziren baina orduan Doneztebearrak 6 tanto egin zituen bat bertzearen ondotik eta garaipenerako aukera eskuratu. Zeberiok ongi erreakzionatu zuen baina bazirudien kaltea egina zegoela, eta azkenean txapela Ezkurrari utzi behar izan zion. Doneztebearrak lehen edizioko mendekua hartu ahal izan zuen, joan den urtean Zeberiok kanporatu baitzuen finalerdietan. Aurtengo finalerdiei dagokionez, Ezkurrak Urrutia kanporatu zuen 35 eta 15 eta Zeberiok Lizaso 35 eta 32.

Oraindik gutti ezaguna bada ere, 36mko frontoian jokatzen den buruz buruko txapelketa ikustera jende anitz izan da eta profesionalen erranetan giro ona zegoen. Materiala eta jokatzeko moduak egokituz gero ikusgarria gelditzen den diziplina dugu frontoi laburreko erremontea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun