Abenduaren 24a arte Etxalarko Kultur Etxean ikusgai egonen da Integrarte erakusketa. Adimen elbarritasunak dituzten 26 artistek egindako 78 obra ikus daitezke. Isabel Arbonies, ANASAPS elkarteko presidenteak adierazi zuenez, proiektu hori montatu dute gizarteari erakusteko adimeneko elbarritasuna duten pertsonen bizia ez dela bakarrik eritasuna, eta horren ondoan gauza batzuk egiteko gai direla. ANASAPS elkartearen barnean dauden pertsonak gizarteratu nahi dituzte, artearen hezkuntza erabiliz eta estereotipoak bazter batera utziz.
«Aurreiritzi nahiz estigmak gaindituz»
Mertxe Mendiburu, Dizdirako arreta zuzeneko arduradunak azpimarratu nahi izan zuenez, erakusketa horrekin pertsona hauek dituzten gaitasunak plazaratu nahi izan dituzte: «Nafar gizartearen zatirik handienak ezagutzen ez duen bertze dimentsio bat agertzea da erakusketa honen helburu bakarra, aurreiritzi nahiz estigma guztiak gaindituz. Lan hauen erakusketarekin jendearen hurbiltasun gehiago bilatzen dugu».
Etxalarren ez ezik, Tuteran, Tafallan eta Iruñean egin da erakusketa, Nafarroa osoan lan hauek erakusteko.
ANASAPS-eko delegazio guztietan bildutako 130 obretatik 78 ikusgai daude Etxalarren. Erakusketa zabalik izanen da astegunez 16:00etatik 19:30era eta asteburuetan 18:00etatik 20:00etara.
Elkarteko presidenteak jakinarazi zuenez, heldu den urterako argazki erakusketa prestatzeko asmoa dute. Bere erranetan, adimen urriko pertsonek argazkiak hartzeko duten modua hagitz interesgarria da.