Datorren larunbatean, abenduak 23, Doneztebeko Elizan, arratsaldeko 8:30ean txistu kontzertua entzuteko aukera izanen da Axun Ezkurra Urtxegiren eskutik. Nafarroako Unibertsitate Publikoan Musika Magisteritzan diplomatua, gaur egun Axun Ezkurrak Nafarroako Goi Mailako Kontserbatoreoan segitzen dituen txistu ikasketak eta Lizarrako Julian Romano Musika Eskolan egiten duen irakasle lana uztartzen saiatzen da.
2004. urtean hemengo musika tradizionala ezaguna egiteko helburuarekin Nafarroako ordezkaritza batekin Japoniara egindako bidaia, eta, berrikitan Maila Erdiko Bukaerako saria irabazi izanak, etorkizun prometagarria bermatzen dio gazte honi. Musikariak berak dioenez, “kultur arloko ekitaldiak bultzatzeaz gain, jendeei txistua bezalako instrumentu tradizionalaren ikuspegi berri bat ematea da kontzertu honen helburua.
Bai ekitaldi nagusien, bai gure herriko festen lekukoa, txistuak gure kultura musikalaren parte den instrumentua dugu. Txistuak, hiru zuloko moko-txirulak, nagusiki danbolina edo ttunttuna instrumentu tradizionalek lagundutako oinarrizko erritmikoarekin bat egiten duen soinu berezia dauka. Dena den, oraingo abagune hontan, bertara gerturatuko diren guztiek instrumentu honen bertsatilitatearen lekuko izateko aukera izanen dute. Haizezko instrumentu honek, soinu bereizgarriarekin, azken urteotan gorakada eta garapen handia lortu du "kultutzat" deitutako musikaren barruan.
Fabrikazio prozesuan, pedagogian eta orkestrako instrumentuekin bat egiteko afinazio teknikan lorturiko garapen handia erabakigarria izan da. Honi esker, txistuaren jarraitzaileek estilo berriak esperimentatu ahal izan dituzte instrumentuaren posibilitate artistikoak eta adierazgarritasuna handitzea ahalbideratu duelarik.
Modu honetan, larunbatean entzunaldira hurbilduko direnek txistu mota ezberdinetako estiloak entzuteko aukera izanen dute, tartean Folk-a . Horrez gain kontzertu horretan akordeoi, piano, bateria, hari laukote eta ahotsaz osatutako musika talde baten laguntza izanen du Axunek. Dudarik gabe, instrumentu honen aberastasun tinbrikoaz zuzenean gozatzeko aukera paregabea izanen da larunbat honetan arratsaldeko 8:30ean Donezteben