Asteazken arratsaldean Malerrekako Haur eta Gaztetxoentzako VIII Bertso-paper eta Ipuin lehiaketaren sari banaketa egin zen Doneztebeko eskolan. Parte hartzaile guziak ez baziren bertaratu ere, haur andana bat bildu zen sarien jasotzeko eta eskainia zitzaien txokolatadaz gozatzeko.
90 ikaslek egindako 55 ipuin eta 60 bertso aurkeztu ziren aurtengo lehiaketara. Ohi bezala, bi mailatan banatu zituzten, alde batetik Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. urtetako haurren lanak eta bertze aldetik 5. eta 6. urtetakoenak. Ipuinen sailean, gazteenen artean, lehen saria Sunbillako Unai Bereauentzat izan zen “Urrezko arrauntzadun oiloa” izeneko lanari esker. Bigarren saria ere sunbildar batentzat izan zen. Eneko Herrerak eskuratu zuen “Moritz baserrian” idazlanarekin. Helduagoenen mailan Doneztebeko Tamara Descalzo nagusitu zen “Eskailera” izenburuko lanarekin. Eratsungo Irantzu Mitxelena bigarren saria lortu zuen “Etxe misteriotsua” ipuinari esker. Bertso-paper lehiaketan, Iturengo haurrak izan ziren jaun eta jabe. Banatu ziren lau sarien artean lauak eskuratu zituzten. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. urtekoen mailan, Aritz Fagoagak irabazi zuen, Kultur Egunei buruz egindako bertsoekin. Bigarren saria Javier Seinek eskuratu zuen Eguberriei buruz idatzitako bertsoei esker. 5. eta 6. urtekoen mailan lehen saria Izaro Ariztegiri eman zieten Inauteriei buruz egindako bertsoentzat, bigarrena berriz Garbiñe Olazari besteei buruz jarritako bertsoentzat.
Antolatzailea den Malerrekako Mankomunitateko Euskara Batzordetik diotenez, egitasmo horrekin 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoen artean euskaraz idazteko ohitura sortu edo garatu, eta bertsozaletasuna bulkatu nahi dute. Zortzigarren aldia da horrelako lehiaketa egiten dutela Malerrekan, eta antolatzaileen erranetan aski ongi finkatua dago, eskualdeko haurren erantzuna beti ona izaten da.