Korrika 15 bi egunetan gure eskualdetik iraganen da

ttipi-ttapa 2006ko abe. 20a, 13:19

Oraingoan euskal emakumeak omenduko dituzte

Korrika 15 martxoaren 22an hasiko da Karrantzan, Bizkaia mendebaldeko herri ttikian, eta apirilaren 1ean bukatuko Iruñean. Gure eskualdetik bi aldiz pasatuko da, martxoaren 30ean, Baztandik, eta apirilaren 1ean, Bortziriak eta Malerrekatik.

“Heldu” izanen da Korrika honen leloa, “heldu herriari, heldu hitzari, heldu elkarlanari, heldu euskarari, heldu lekukoari”. Antolatzaileek diotenez, “Heldu” hitza hautatu dute esanahi anitz dituelako euskalkien arabera, eutsi, oratu eta hazi bertzeak bertze. Horiek denak bildu nahi dituzte Korrika 15 huntan. Omenduari dagokionez, edizio honetan aurpegirik ez du izanen antolatzaileek euskal emakumeak oro har hautatu baitituzte. Eskertu nahi dute euskara eta euskal kultura mantentzeko eta berreskuratzeko egin duten lana. Edurne Brouard, Korrika 15eko koordinatzailearen arabera “Dela gerra garaian, dela baserrian, dela itsasaldeko herrietan gizonak kanpoan zeudela, euskal emakumea izan da euskararen gotorleku nagusia. Eurek bermatu dute gaur arteko transmisioa”.

Iraunen dituen 10 egunetan 2.150km eginen ditu Euskal Herrian barna. Lehen kilometroak Bizkaia egin eta, Araba aldera joanen da bertan egun oso bat pasatzeko. Hortik goiti berriz, Gipuzkoaren txanda izanen da Arrasate, Tolosa, Donostia Zarautz eta Azpeitiko herrietatik pasatuz. Martxoaren 25ean, ekimenaren 4. egunean, berriz ere Bizkaira itzuliko da bertako herri nagusietan ibiltzeko, hala nola, Durango, Ondarroa, Bermeo eta Bilbo. Ondotik, Araba zeharkatuz, Nafarroa aldera joko du, hain zuzen ere, Lekunberri eta Lizarra aldera. Orduan, hirugarren aldikoz, kilometro batzuentzat bada ere, Arabatik pasatuko da, bi herrialdeen mugan dagoen Kanpezutik hain zuzen ere. Ibilbidearen erdia osatua izanen duenean Nafarroako herri nagusiei zeharkatzea ekinen dio. Bianatik Tuterara joanen da, eta hortik iparraldera, Tafalla, Zangoza, Otsagabia eta Elizondon barna ibiltzeko. Azken egunean berriz ere Nafarroa ibili baino lehen, Nafarroa Behera, Xiberoa eta Lapurdin barna iraganen da, hango hiru hiriburuak zeharkatuz, Donibane Garazi, Maule eta Baiona hurrenez hurren. Apirilaren batean kilometro batzuk Gipuzkoan egin ondotik, Endarlatsatik sartuz, Bortziriak eta Malerrekan pasatuko da eguerdian Iruñara ailegatzeko.

Gure eskualdean, bi aldiz pasatuko da, matxoaren 30ean Baztanen eta apirilaren 1ean Bortzirietan eta Malerrekan. Lehenaren kasuan ordutegi egokia izanen da lasterka ibiltzeko. Eugitik etorriz, Iruritara ailegatu beharko luke ortzirale arratsaldeko 16:00ak aldean. Baztan osoa zeharkatu eta gero, Izpegitik aterako da Baigorrira joateko. Bi egun beranduago berriz ere eskualdean izanen dugu baina orduan goiztiar edo berantiarrentzako ordutegiarekin. Beran igande goizeko 3:00etan pasatuko da. Bidasoa segituz, Donezteberaino joanen da eta hortik Saldiasera joko Orokietan goizeko 6:00etan gure eskualdetik urruntzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun