Bertze herri guzietan bezala, Sunbillan ere Olentzeroak agerraldia eginen du. Igandean, abenduak 24an, beheko eskolatik hasiko da Olentzeroren ibilaldia, eguerdiko 14:30ean. Bukatu bezain laster, hotzetik babesteko eta indarrak berreskuratzeko Ulibeltzak elkartean berendua izanen da.
Biharamunean, Eguberri egunean, herriko mutil gazteak Itturburu ostatuan bilduko dira 17:00etan herrian barna eskean ibiltzeko. Aurten, zuziekin atera nahi dute gazteek eta Arkaitz Mindegia trikitilaria izanen dute lagun. Herriko ibilaldia bukatu ondotik, Itturburu ostatuan afalduko dute, gauean baserriz baserri eskean aritzeko indarrak hartzeko. Goizalde arte luzatuko da eskea. Egun honetan gazteekin eskean atera nahi duenak, Itturburu ostatuan dagoen zerrendan eman beharko du izena.
Eguberrietako azken ekitaldietako bat, errege kabalgata izanen da. Urtarrilaren 5ean, arratsaldeko mezaren ondotik ailegatuko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar eliza atarira, haien laguntzaileekin eta hurbiltzen diren haur guziei opariak banatzeko prest. Jaiotza ere bertan egonen da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Jaiotzaren ondoan egoteko artzaitxoak behar dira, eta nahi duenak ere, bildotsaren bat, oiloren bat eta arraultzez beteriko saskiak bertzeak bertze ekar ditzake, jaiotza ahal bezain eder jartzeko.