Larunbatean, urtero egiten duen bezala, Arkupeak erretiratuen elkarteak urte bukaerako bazkaria egin zuen Doneztebeko kiroldegian. Aukera aprobetxaten zutela 20 urtez elkartearen presidente egon den Felipe Ganboa omentzeko, inoiz baino lagun gehiago bildu ziren, orotara 1100 bat. Besta eguna mezarekin hasi zuten. San Pedro eliza ttikiegia gelditu zen, eta bozgorailuak paratu behar izan zituzten kanpoan gelditu zirenentzat. Besta horren kari, Jesus Goldaraz Doneztebeko apezak homelia berezia prestatu zuen, elkartea itsasontzi baten bitartez irudikatu zuen, Jainkoa nagusia zen eta Felipe Ganboa berriz kapitaina. Tronpeta doinuak eta bertsoak ere entzun ahal izan ziren ordu bat iraun zuen ofizioan.
Meza bukatu eta ostatuetan trago bat edan ondotik, jendealdea kiroldekirantz abiatu zen. Bertan, bazkaldu baino lehen, omenaldia egin zuten 20 urte hauetan zuzendari lanak egin dituen Feliperi. Ordezkari politiko anitz bildu ziren tartean Ramon Etxebeste, herriko alkatea, Juan Cruz Alli, Fernando Puras eta Miguel Sanz bertzeak bertze. Omenaldian hitza hartu zutenek, behin eta berriz goraipatu zituzten Felipe Ganboak egindako lanak, eta eskertu ere. Opariak edo oroigarriak ere ez ziren eskas izan. Udalaren izenean Ramon Etxebestek paper zorro bat eskaini zion, Nafarroako Gobernuak berriz ordularia. Dudik gabe opari ederrenak, Arkupeko kideek egindakoak izan ziren. Joxe Urroz eta Eusebio Maritorenak Felipek egindako lanak gogoaratzen zituen diskurtsoa eskani ondotik, zilarrezko 3 belauntzia irudikatzen zituen maketa eta makila eman zioten. Omenaldia bukatzeko txalo zaparraden artean garailearen txapela jantzi zioten. Hainbeste opari jaso ondotik elkarteko presidentea zutitu zen eta bildutako jende guzia eskertu. Beti bezala, bestara etorri ezin izan zuten lagun guziak gogoratu nahi izan zituen, tartean bere arreba. Ekitaldia burutua, bildutako 1100 lagunak bazkaltzen hasi ziren. 17:30ak aldera bestarekin segitzeko bazterrak animatu zituen Jalisko Band taldeak.