Azaroan hasi ziren Etxalarko Udaletxean Mankomunitatearen bulego berrietarako obrak. Orain arte Hiri-hondakinen Mankomunitatea eta Gizarte Zerbitzua Mitxelarreneko lehenbiziko solairuan zeuden, baina lekua ttiki gelditu zaie. Honetaz gain, bigarren solairuan dauden Udaletxeko bulegoetara igotzeko igogailua jartzea erabaki zen. Bi gauza hauek kontuan hartuta, Udaletxeak Mankomunitateari dagozkien bulegoak ganbarara igotzea erabaki du eta igogailua jartzea. Mankomunitateentzako 7 gela izanen dira, bai langileentzako bulegoak, bai eta bilerak egiteko gela handiago bat ere. Igogailua eraikin osoarentzat baliagarria izanen da, hau da, udaletxeko bulegoentzako eta mankomunitateetarako.
Obra osoaren aurrekontua 163,000 eurokoa da, eta Nafarroako Gobernutik 84,000 euroko dirulaguntza eskuratu da. Obra hauek otsailerako akabatuak egotea espero da.