Adimeneko elbarritasuna duten pertsonek osatutako erakusketa Etxalaren

ttipi-ttapa 2006ko abenduaren 12a

26 lagunek margotutako edo marraztutako 78 obra ikusgai egonen dira abenduaren 24a arte Kultur Etxean

Abenduaren 24a arte Etxalarko Kultur Etxean egonen den margo eta marrazki erakusketa aurkezteko, astelehen goizean prentsaurrekoa eskaini zuten Ainhoa Arburua, Isabel Arbonies eta Mertxe Mendiburu ANASAPSeko teknikariek. Orotara adimen elbarritasunak dituzten 26 artistek egindako 78 obra ikus daitezke. Elkarteko presidenteak Ixabel Arbonies adierazi zuenez, proiektu hori muntatu dute gizarteari erakusteko adimeneko elbarritasuna duten pertsonen bizia ez dela bakarrik eritasuna, eta horren ondoan gauza batzuk egiteko gai direla. ANASAPS elkartearen barnean diren jendeak gizarteratu nahi dituzte artearen hizkuntza erabiliz eta estereotipoak bazter batera utziz. Mertxe Mendiburu ANASAPS-Dizdira elkarteko arreta zuzeneko arduradunak azpimarratu nahi izan zuenez, erakusketa horrekin pertsona horiek dituzten gaitasunak plazaratu nahi izan dituzte.

Guztira 130 obra biltzen dituen erakusketa Nafarroako bertze herri batzutan ibili da dagoeneko, hala nola, Iruñean, Tuteran, Tafallan eta Lizarran. Etxalaren idekia egonen da astelehenetik ortziralera arratsaldeko 16:00etatik 19:30era eta asteburuetan 18:00etatik 20:00etara.

Elkarteko presidenteak jakinarazi zuenez heldu den urterako argazki erakusketa prestatzeko asmoa dute. Berak zioenez, adimeneko pertsonek argazkien hartzeko duten manera hagitz interesgarria da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun