Langabeziak gorakada nabarmena izan du azaroan

Xan Harriague 2006ko abenduaren 7a

Emendatze handiena emakumezkoetan izan da

Bi hilabetez behera egin ondotik langabeziak berriz ere gora egin du gure eskualdean. Urriaren bukaeran 561 lagunek izena eman bazuten Doneztebeko INEM bulegoan, hil hunen hasieran 609 ziren lan baten bila zebiltzanak, duela hilabete bat baino 48 gehiago.

Langabeziaren emendatzea emakumeetan nabaritu da batez ere, 25 urte baino guttiago dituztenetan bertze 6 lagun gehitu dira zerrendan, eta 25 urte baino zaharragokoetan bertze 35. Abenduaren hasieran langabezian 27 eta 345 ziren hurrenez hurren. Gizonezkoetan gorakada ez da hain garrantzitsua izan. 25 urte azpitikoetan 6 lagun apuntatu dira Doneztebeko INEM bulegoan, eta 25 urte baino gehiagokoetan bertze 1. Orotara 37 eta 200 ziren hurrenez hurren.

Sekulan lanik egin ez duten pertsonez aparte, bertze sail guzietan gora egin du baina batez ere zerbitzuen arloan. Azaroaren hasieran 328 ziren arlo horretan lan bila zebiltzanak, hilabete bat berandu berriz bertze 50. Industrian, nekazaritzan, eta eraikuntzan gorakada ttikia izan da. Lehenean 3 lagun gehitu dira zerrendetan eta bertze bietan lagun bana. Arloz arlo azaroa bukatzean nekazaritzan 8 ziren langabezian, industrian 157, eraikuntzan 46 eta zerbitzuetan 378. Aipatu bezala sekulan lanik egin ez duten saila da behera egin duen bakarra. Urriaren bukaeran 27 ziren, eta hil hunen hasieran berriz 20.

Joan den urteko datuei konparatuz, aurtengo datuak baikorragoak dira. Garai berean iaz, langabetuak 630 ziren gure eskualdean. Nafarroako bertze eskualdeen emaitzak begiratuz ohartzen gara Altsasua eta Tutera ez ezik bertze guzietan langabeziak gora egin duela. Gorakada handiena Lodosan izan da %12 emendatu baita eta ondotik gure eskualdea %8,5.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun