Azaroaren 30ean bukatu beharra zen gripearen aurkako kanpaina bertze bi astez luzatu dute eta azkenean abenduaren 15ean bukatuko da. Erabaki hori hartu dute, aurten, adineko pertsonen kasuan guttienezko adina 65 urtetik 60 urtera beheititu badute ere, orain arte txertoa hartu duten kopurua iaz bezalakoa delako. Horrek eran nahi du txertatu beharko luketen pertsona anitzek oraindik neurria ez dutela hartu.
Oroitarazten da txertatzea aholkatzen dela batez ere, ondorio txarrak izaten ahal dituzten pertsonei edo azken hauekin kontaktuan direnei, hala nola, 60 urte baino gehiagoko pertsonak, birikako edo bihotzeko arazoak dituztenak, azido azetilsalizilikoa hartzen duten haur edo gazteak, haurdun direnak, osasuneko profesionalak, poliziak, su hiltzaileak eta hegazkin ustiapenetan lan egiten duten jendeak.
Jakin behar da, joan den neguan gripea izan zutenen artean 100etik 98 ez zirela txertatuak. 2005-2006ko denboraldian, 10.000 kasu zenbatu ziren Nafarroa osoan, duela bi urte baino anitzez guttiago. Orduan 25.000 zenbatu ziren eta 1999an 52.000. Beti ere iazko zenbakiak begiratuz, gripea izan zuten %63k 65urte baino gehiago zituzten.
Eragiten dituen sintomak anitz dira, sukarra, hotzikara, buruko eta zintzurreko mina, muskuluetan eta artikulazioetan mina eta eztula. Gripea ez izateko, txertatzea aholkatzen da, baina baita, tenperatura aldaketak saihestea, ur anitz edatea eta ez erretzea ere.